XXX. Herri lasterketa -XXVII. Barricarte memoriala

Guaixe 2010eko abenduaren 2a

Altsasuko udaletxe parean dagoen Zubeztia elkarteak antolatutako Herri Lasterketak edo Alberto Barricarte memorialak 30. edizioa beteko du aurten. Proba herrikoi hau, ohi denez, abenduaren 8an jokatuko da, Ama Maria Sortzez Garbiaren egunean, asteazkenarekin, 11:30ean. Festa eguna da, eta askorendako egutegian gorriz markatutako urteroko zita, San Silvestrearekin batera urteko azken hitzordua izaten baita Sakanako eta kanpoko korrikalariendako. Aurten Zubeztia elkartearen 100. urteurrena dela eta, are bereziago izanen da lasterketa.  Altsasu herri gunean prestatutako zirkuituaHerrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 12,4 km osatuz. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen albotik, Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasa eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute lasterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko, eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba. Izena ematea egunean bertanIzena ematea dohainik izanen da eta egunean bertan egin ahal izango da, lasterketa baino lehen. Bi kategoria izanen dira: 18 eta 39 urte arteko emakumeak eta gizonak, eta 40 urtetik goragoko emakumeak eta gizonak. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da.  Iaz parte-hartze errekorra bikoiztu egin zen, 203 korrikalari aritu baitziren lasterketan, horietatik 52 sakandarrak. Martin Fiz gasteiztarrak sekulako erakustaldia eman zuen eta lehena iritsi zen helmugara, Juanjo Igarzabali 13 segundo atereaz. Helmugara heldu zen lehen emakumea Marisol Ramos izan zen. Lehen gizon sakandarra 15. postuan sartu zen Javier Borrega altsasuarra izan zen (42:55), eta helmugan hirugarren emakumea izan zen Maitane Txueka arbizuarra izan zen lehen emakume sakandarra.