Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Trasteando taldea Iortia kultur guneko oholtza gainera igoko da heldu den larunbatean. Ohi bezala, Gabonen bezperan elkartasun kontzertua eskainiko du. Gitarraz lagundutako ahots eztiak Afrikaraino iritsiko dira, hara bideratuko baitituzte aurtengo irabaziak. Beste behin ere, Altsasuko taldeak zintzo eutsiko dio bere filosofiari eta musikak, une atsegina pasarazteaz gain, funtzio soziala beteko du.Abesti xarmangarriakTrasteando taldeak abesti xarmangarriak iragarri ditu. "Atzoko eta gaurko abesti ezagunak eskainiko ditugu, epe mugarik ez duten horietakoak" azaldu zigun Cruz Mari Martinezek. Bolero pupurria, 60ko hamarkadako abestiak, euskal abesti ezagunak... "Gure musikak ez du hizkuntza eta garaiaren mugarik" dio altsasuarrak. Aurtengo berezitasuna, hiru musikari eta poeta handiri eginen dieten omenaldi xumea izango da, Mikel Laboari, Miguel Hernandezi eta Labordetari. Ahotsa eta gitarra, horiek dira Trasteando taldearen arma nagusiak. Baina datorren astean herriko musikariz inguratuta egonen dira: Maialen Aldasoro (zeharkako txirula), Maite Larrea (akordeoia), Iñigo Goikoetxea (baxua), Josetxo Lumbreras (perkusioa), Jesus Irisarri (tronboia) eta Jorge Cordon (teklatua) izanen dituzte lagun. 5. elkartasun kontzertua Aurtengoa elkartasun kontzertuaren 5. edizioa da eta, aurreko urteetan bezala, herritarren presentzia handia espero dute. Dagoeneko lehen kontzerturako sarrerak agortzear daude. Aurten Afrikako herrialde batera bideratuko dituzte irabaziak, Acción contra el hambre gobernuz kanpoko erakundearen bidez. Ur-hornidura eta elikagaien programan parte hartuko dute. Horretara bideratuko dira datorren asteko kontzertuko irabaziak, baita urte guztian zehar saldutako CDaren salmentatik ateratakoak ere. Trasteando taldeak 900 bat ale saldu ditu.