Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean kontzertu bikoitza eskaini zuen Altsasuko Trasteando taldeak. Bi emanaldietan leporaino bete zen Altsasuko Iortia kultur gunea. Musika taldea pozik geratu zen egindako lanarekin eta ikusleen erantzunarekin, "beti bezala ederki erantzun zuten altsasuarrek: bi emanaldietan aretoa bete zuten eta oso parte-hartzaileak izan ziren" azaldu digu Cruz Mari Martinezek. Musikariak bezala, pozik agertu ziren Acción contra el hambre Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideak ere. Izan ere, sarreratik ateratako dirua GKEk Nigerren duen egitasmoa bultzatzeko da. CDen salmentatik ateratakoa ere haiendako izanen da. Erakundeak altsasuarren laguntzari esker iaz Guatemalan martxan jarritako egitasmoaren berri eman zuen. Kontzertuko giro ederrak eta herritarren erantzun paregabeak harrituta eta pozik utzi zituen GKEko ordezkariak.Datorren egunetan ere musika eta gizarte ekintza uztartzen jarraituko du Trasteando taldeak. Gabonen bezperan, Altsasuko Aita Barandiaran zaharren egoitza eta Josefina Arregi klinika bisitatuko dituzte eta Araiako elkartasun kontzertuan parte hartuko dute.