Gaztegunearen 3. eta azken mustutzea

Guaixe 2010eko abenduaren 16a

Erakundeen mustutzea izan da guztietan azkena. Domeka eguerdian Altsasuko hainbat elkarte, erakunde eta guraso elkarteetako 35 bat ordezkarik Intxostiapunta Gaztegunea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, udalaren gonbitea onartuz. Unai Hualde alkateak nabarmendu zuen herriak gero eta zerbitzu gehiago dituela eta gaineratu zuenez, "Altsasun ezer ez dagoela dioten horiek itsu daude".Gazteguneari dagokionez Hualdek esan zuen "Intxostiapunta gazteria sailaren erreferente bihurtu nahi du".  Aisialdiarekin batera informazio gunea ere izanen dela azaldu zuen alkateak. "Orain erronkari erantzutea". Orain arte gazteria teknikari eta begirale izandakoak ere gogoan izan zituen, baita egungoak ere. InplikazioaRaul Barrena gazteria zinegotziak gazteguneak eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman zuen. Barrenak ziurtatu zuenez "Intxostiapuntak ibilbide luzea du eta bide horretarako jende asko erakarri beharko da". Horregatik, "gazteek Intxostiapunta bere egitea" deitu zuen. Barrenak, aldi berean, gazteen inplikazioa "garrantzitsua" dela nabarmendu zuen. Hala, talde motorraren egitekoa nabarmendu zuen. Hainbat gaztek osatzen dute eta haiek dira udaleko gazteria batzordeari proposamenak egiten dizkiotenak, "eta dagokionean plenoari". Altsasuko Udaleko gazteria zinegotziak azaldu zuenez gaztegunean lastailean zabaldu zenean behin behineko barne araudi batekin egin zuen. Hiru hileko martxaren ondoren ilbeltzean berraztertuko dute. Horrekin batera ilbeltzean gazteguneko espazioak erabiltzeko izan dituzten eskaerak aztertu eta gero haiek erabiltzeko baimenak ematen hasiko da gazteria saila.  GazteguneaBehe solairuan erabilera anitzeko gela, tailerra, musika taldeendako bi gela intsonorizatu eta  ezgaituek erabiltzeko gela daude. Lehen solairuan, berriz, erabilera anitzeko gela handi bat dago. Han ping-pong mahaiak, futbolina eta mahaiak daude. Informatika gelaz gain beste jardueretarako beste lau gela daude. Bulegoak, komunak, biltegia artxiboa eta sukaldea ere hor daude. Sukaldea haien ospakizunetarako erabil dezakete.OrdutegiaIntxostiapunta astelehen, astearte eta ostegunetan 7:30etik 15:00etara zabalik dago. Asteazken eta ostiraletan, berriz, 17:00etatik 20:00etara. Harremanetarako 948 564 785 telf edo gazteria@altsasu.net posta.Gazteria Sailaren zerbitzuakGazte Informazio Gunea dago, batetik. 12-30 urteko gazteei informazio emateko edota adin horretako seme-alabak dituzten  gurasoei argibideak emateko. Sexualitate kontsulta hileko lehen asteartean zabaltzen da, 15:00etatik 17:00etara. Banakakako edo taldekako harrera egiten du Izargi zentroko sexu hezitzaileak.Koordinazioa. Hainbat ikastaro eta ekimenetarako koordinazio lana egiten du gazteria sailak. Horrekin batera gazteen ekintzetarako gelak ematen ditu. Bestalde, udaleko eta gobernuko zerbitzuekin harremanetan egoten da. Gazte-txoko. 12 eta 18 urte bitarteko gazteendako esparrua. Larunbat, domeka eta jai egunetan zabaltzen da, 17:00etatik 21:00etara.