Galera eta Melero nagusi Altsasun

Guaixe 2010eko abenduaren 13a

Eguzkiak lagundu zuen eta 189 korrikalari animatu ziren Altsasuko Zubeztia elkarteak abenduaren 8an antolatutako XXX. Herri Lasterketa-Barricarte Memorialean aritzera, horietatik asko eta asko sakandarrak. 169 gizonezko eta 20 emakumezko izan ziren. Ikusleek ere ez zuten huts egin, eta giro oso polita izan zen lasterketan. Altsasun antolatutako zirkuitu bati lau buelta ematea zen erronka, guztira 12,4 km osatuz. Hasieran minutu bateko isilunea gorde zen berriki zendutako Odei Iturrioz pilotari eta korrikalariaren alde, izan ere lasterketa honetan parte hartzen baitzuen urdiaindarrak. Hasieratik sei korrikalariz osatutako talde bat jarri zen buruan, eta hirugarren itzulerara arte guztiek eutsi zioten erritmoari. Baina azken hiru kilometrotan hiru korrikalari atzean geratu ziren, eta Cristobal Galera, Ibai Alba eta Walid Ouaalit buruan geratu. Kilometro baten faltan Beste Iruñako Cristobal Galerak erritmoa bizkortu, beste biak atzean utzi eta helmugara bakarrik heldu zen (40:41). "Airea kontra genuen eta lasterketa guztia taldean egin dut, babesteko, baina fuerte sentitu naiz eta erasoa jo dut 1.000 metroren faltan. Ongi atera zait" zioen Altsasuko proban lehen aldiz aritu zen txapelduna. Ibai Alba hernaniarra (40:49) eta Walid Ouaalit urretxuarra (40:53) sartu ziren atzetik. Emakumezkoetan lehia oso estua egon zen, eta azkenean Ardoiko Maitane Melero nagusitu zen. "Nahiz eta Sakanako proba askotan parte hartu, banuen Altsasuko honetan aritzeko gogoa, Sakanan giro aparta sortzen delako" zioen. Distantzia laburrak dira bere espezialitatea, eta Altsasuko proban "asko sufritu" zuela adierazi zuen. "Oso estua izan da lehia, eta azkeneko metroetan erabaki da" zioen. Lehen sakandarra helmugan 10.a sartu zen Antton Zelaia urdiaindarra izan zen (42:22). Beteranoetan Cesar Sanz aguraindarra eta Monika Biain nagusitu ziren. Lehen altsasuarra Francisco Javier Gomez izan zen, eta Zubeztia elkarteko lehen  bazkidea Xabi Ramirez de Alda. Bukaeran korrikalari guztiendako auzate ederra izan zen Gure Etxean, eta antolakuntzak sari politak banatu zituen. Sailkapen gabeEpaileek arazoak izan zituzten kronometrajeekin eta horregatik korrikalari gehienen denborak ezin izan ziren hartu. Esaterako, emakumezkoen sailkapena ez zegoen. Korrikalari guztien datuak ez daudenez, ezin dugu sailkapenik jarri.