Testu bazka altsasuarra

Guaixe 2010eko abenduaren 16a

Altsasuko Kima euskara taldeak Testu bazka hitzordua jarri du Gabonetako oporren bezperan. Abenduko saioan Testu bazka sakandarra izanen dugu, Alberto Barandiaran altsasuarraren Postkronikak liburua ezagutzeko aukera izanen baita. Testu bazka euskal literaturan barna bidaiatzeko proposamena da. Lagundutako irakurketa bat egitean datza. Euskarazko testu labur bat irakurtzearekin hasten da saioa. Ondoren, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste aterako diote. Interesatuek izena eman dezakete abenduaren 20ra arte Altsasuko udal liburutegian edo altsasuneuskaraz@euskalerria.org helbidean.