Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Datorren astean argia ikusiko du Altsasuko txokoak biltzen dituen liburu ederrak. Begoña Salazar ahizparen ideia aintzat hartuz, herriko argazkiak oinarri hartuta lamina ederrak egin ditu Dora Salazar artistak. Haiekin bat egin du diseinatzaile ikasketak dituen Ariana Casares ilobak. Hiruen lanaren emaitza da Bidezidorrak lamina liburua. EzaugarriakAltsasuko 50 lamina ditu Bidezidorrak liburuak, denak paisaia formatuan eta orri bikoitzekoak. Dora Salazarrek argazkiak eta postal zaharrak hartu ditu oinarri eta horien gainean collageak eta marrazkiak egin ditu. "Oso lan zaindua da" ziurtatzen du egileak.Altsasuko artistak ibilbide bat egin du herrian barna, garai bateko sarreratik, gasolinera zaharretik hasi eta herriko alde zaharreraino. Protagonismo berezia dute alde zaharreko gune kuttunek, esaterako, plazak, feria lekuak eta ganbelak. Artistak ez du baztertzen aurrerago herriko beste eremu batzuk lantzea.Laminen aurretik testuari ere lekua egin diote liburuan. Bertan, Altsasuko adineko herritarren hitzak eta Maria Pintoren testuak jaso dituzte. Liburuaren sarrera Josu Reparazek egin du.Liburuaren 750 bat ale argitaratuko dituzte eta guztiak sinatuta joanen dira. 30 eurotan jarriko dituzte salgai.Bizipenen testuinguruaDora Salazar artistaren oroitzapen eta bizipenetan leku berezia du Altsasuko herriak. Bere jaioterriko txoko eta eremu errealak oroimen eta irudimenarekin batzearen emaitza da Bidezidorrak liburua. "Liburuan Altsasu ezberdin bat ageri da, koadro klasiko baten antzekoa, non kaleak errealitatean baino zabalagoak diren..." azaldu digu Dora Salazarrek. Aurrerago ere egin izan ditu tankera honetako liburuak, esaterako, Bernardo Atxaga idazlearekin batera egin zuen Donostiako parajeetan oinarritutako Recorridos lana. Getxo eta Bilbon antzeko egitasmoak aurreikusten ditu. Baina bere bizipenekin lotuta dagoen herriaren liburuak balio sentimental erantsia du. Aurkezpena eta erakusketaEguna zehazteke badago ere, datorren astean, Olentzero egunaren aurretik aurkeztuko dute liburua. Altsasuko Gure Etxea eraikinean eginen dute aurkezpena eta bertan ikusgai egonen dira liburuko laminak.