Sabino Arana Saria Tabernarendako

Guaixe 2010eko abenduaren 21a

Sabino Arana Fundazioak 2010eko sarituen zerrenda iragarri zuen astelehenean. Haien artean dago Helena Taberna altsasuarra. Sari emaileek bi ezaugarri nabarmendu zituzten Altsasuko zinema-zuzendariaren ibilbidean: "bata, bere egitasmoak aukeratzerakoan duen koherentzia, eta bestea, zinematografiarako duen oso estilo pertsonal hori". Gainera, Tabernak landutako gaiak nabarmendu zituzten, "XXI. mendean kezka pizten duten gaiak baitira: emakumea, migrazioa, terrorismoa eta memoria historikoa". Sariarekin altsasuarrak "gaiak tratatzean duen modu sentibera eta oraindik gizonek menderatzen duten lanbide batean tarte bat egiteko duen adorea" goraipatu dute.Aurtengoa Sabino Arana Fundazioaren sarien XXII. edizioa da. Sari horien bidez, Fundazioak "bere esker ona eta goresmena agertzen dizkie gizartearen aldeko eskaintzagatik eta hura zerbitzatzeko joranagatik nabarmendutako pertsona, erakunde nahiz gizataldeei". Altsasuko zinemagilearekin batera, Sabino Arana Fundazioak Frank Gehry arkitektoa, Pedro Miguel Etxenike zientzialaria, Iberdrola energia-konpainia, Gureak Taldea eta Virginia Berasategi triatleta saritu ditu. Sariak urtarrilaren 30ean, 12:00etan, banatuko dituzte Bilboko Arriaga antzokian.