Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Saskibaloi Taldeak (CBASK) antolatuta, igandean Juan Jose Marin Saskibaloi Memoriala hartu zuen Zelandi kiroldegiak, urtero moduan bere garaian Altsasuko taldeko saskibaloilaria izandakoa gogoratu eta omentzeko. Eguraldia hotza zen eta kiroldegian ere hotza zen nagusi, eta horregatik akaso ez ziren espero bezainbat ikusle gerturatu. Hasieran mini mailako partida jokatu zen, Altsasu eta Arangurenen artekoa, hain zuzen ere azken talde honetan Juanjo Marin zenaren seme Danielek jokatzen duelako. Lehia estua espero zen baina azkenean argi eta garbi nagusitu ziren Arangurenekoak. Ondoren Altsasuko kluben arteko triangularra jokatu zen. Senior mailan dabiltzan Altsasuko bi taldeak eta junior mailako talde altsasuarra lehiatu ziren. Partida ikusgarriak izan ziren, eta horietako bitan luzapena jokatu behar izan zen. Bukaeran, Altsasuko junior mailako taldea nagusitu zen. Bertan Xabier Igoa aritu zen, egun Madrilgo Canoe taldean aritzen den Altsasuko taldeko jokalari ohi etxarriarra. Bigarrena Senior gazteen taldea sailkatu zen, beste behin ere senior beteranoen taldea menpean hartuta. Bukaeran Juanjo Marinen senitartekoek talde argazkia atera zuten saskibaloi taldeekin, eta segidan Altsasuko Saskibaloi Taldeko kide eta jokalariekin bildu ziren taldeak prestatutako bazkarian.