Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Dantzaleku Sakana klubak hainbat babesleren laguntzarekin antolatuta, ilbeltzaren 9an jokatuko da Altsasuko 29. Krosa, Dantzalekuko paraje ederretan. Proba irekia da, eta bertan federatuta dauden kategoria ezberdinetako korrikalariek har dezakete parte. Baina horretaz gain, Altsasuko proba Nafarroako Beteranoen Kros Txapelketa izango da. Hau da, bertan aritzen diren beteranoen artean erabakiko da nor diren Nafarroako beteranoetan onenak. Kasu honetan, 35 urtetik gorako Nafarroako beteranoek puntuatuko dute. Antolakuntzak 150 korrikalari inguru espero ditu, tartean Nafarroako elite mailako korrikalariak. Odei Iturrioz omenduko duteAltsasuko krosean pilotari izateaz gain Dantzaleku-Sakanako kide eta korrikalaria zen Odei Iturrioz omenduko dute. Jakina denez, berriki hil zen gazte urdiaindarra, Arruazu parean izandako istripuan. Haren familiaren onespena jaso eta gero omenaldi hunkigarria egingo diote gazteari. "Bertako lasterketetan parte hartzen zuen, eta Altsasuko krosean antolakuntzan izaten zen lanean, pintxoak eta banatzen. Alaia eta langilea zen" azaldu zuten Peio Bergarak eta Mikel Lakuntzak ekitaldiaren aurkezpenean. Dantzaleku pista berrituak bilguneEmakumezkoak 11:30ean aterako dira, eta gizonak 12:15ean. Berritu berri diren Dantzalekuko atletismo pistak izango dira lasterketaren irteera eta helmuga puntua. Dantzalekuko paraje zoragarrietan zirkuitu ederra prestatuko dute eta gizonezkoek 4 buelta eman beharko dizkiote, 6.500 metro osatuz, eta emakumezkoek buelta bat gutxiago, hiru. Lasterketa jarraitzera Dantzalekura hurbiltzen direnendako eta korrikalariendako salda beroa eta txistorra banatuko ditu antolakuntzak. Aurten inoiz baino gehiago eskertuko da gonbitea, Dantzalekuko taberna itxita dagoelako. Tabernaren, kirol instalazioen eta igerilekuen gestioa emateko lehiaketa deitu du Udalak, eta oraindik ez da aipatu kudeaketa esleitu. Hori bai, komunak zabalik egongo dira. Lasterketa prestatzeko 50 pertsona inguru ariko dira lanean, zirkuitua prestatzen, markatzen, jarraipena egiten eta beste. SariakOhikoa denez ez da diru saririk emango. Altsasuko Krosa irabazten duen lehen gizonezkoak Altsasuko inauterietako momotxorroa eta txapela jasoko ditu eta lehen emakumezkoak inauterietako sorgina eta txapela. Bigarrenendako eta hirugarrenendako trofeoak izanen dira. Bestalde, Nafarroako Beteranoen Kros Txapelketa irabazten dutenek txapela eta trofeoa jasoko dituzte eta bigarrenek eta hirugarrenek trofeoak. Diru laguntzarik gabeNahiz eta Altsasuko krosa Nafarroako Beteranoen Kros Txapelketa izan, Dantzaleku-Sakana klubak ez du Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Atletismo Federazioaren diru-laguntzarik jaso, eta hori kritikatu egin dute. "Non ikusi da Nafarroako Txapelketa ofizial bat izanda Gobernuak eta Federazioak laguntza ez ematea? Ez dugu ulertzen nola Nafarroako Txapelketa bat antolatzeko ardura klub bati eman dakiokeen inolako diru-laguntzarik eman gabe" nabarmendu zuten Dantzaleku Sakanako Peio Bergarak eta Mikel Lakuntzak. Altsasuko Krosa antolatzeko diru-laguntzarik gabe bi urtez daramatza Sakanako klubak. Iaz Nafarroako distantzia laburreko txapelketa hartu zuen Altsasuko Krosak eta aurten Beteranoen Kros Txapelketa. Nafarroan jokatzen diren beste lasterketa batzuk laguntza jasotzen omen dute, baina Altsasuko Krosari federaziotik eta Nafarroako Gobernutik emandako erantzuna argia da: "ez dago dirurik proba hauetarako". "Horregatik aldarrikatu nahi dugu Altsasuko probak jarraitzen duela klubak sekulako ahalegina egiten duelako eta babesle fidelak ditugulako" azpimarratu zuten. Altsasuko krosean parte hartzeko korrikalariek ez dute ordaindu behar, eta ikusleek ere ez. Diru-laguntzarik ez dutenez, antolakuntzak bertaratutakoen borondatea jasoko dute pistetan jarriko diren kutxa batzuetan. Nafar Kirol Jolasak erakartzea helburuDantzalekuko pistak berrituta daudenez, Dantzaleku Sakana klubeko eskola sustatu eta bulkatu nahi du klubak. "Altsasuko krosa kontsolidatutako proba denez, Nafarroako Kirol Institutuari Nafar Kirol Jolasen atletismoko probak hemen ere jokatzeko eskaera egingo diogu. Izan ere Dantzalekuko instalazioak orain ongi daude eta gure nahia da Nafar Kirol Jolasen atletismo probak hemen ere jokatzea, Dantzaleku Sakana eskolari bultzada emateko" adierazi dute Bergarak eta Lakuntzak. Egun Dantzaleku Sakana eskolan 25 neska-mutiko aritzen dira Etxarrin, eta 10 Altsasun, eta txikienengan atletismoa sustatzea da nahia.