Azken pedalkadak Urbasara

Guaixe 2010eko abenduaren 31

San Silbestre txirrindula martxaren 28. edizioa jokatuko da gaurkoan. Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako proba 16:15ean abiatuko da Altsasuko Iortia plazatik. Luis Zornoza antolatzaileak azaldu digunez, 77-80 txirrindulari animatu ohi dira Altsasutik Urbasarako San Silbestre berezi honetan. "Eguraldiaren arabera izaten da. Euria ari badu txirrindulariei gehiago kostatzen zaie animatzea, baina elurrarekin igotzea ere tokatu izan zaigu". Guztira 16 km-ko proba da, Urbasako gainean despeditzen dena. Tropelak Altsasun barna buelta bat eman eta gero, Urbasako portuko bidea hartuko du. Txirrindulariak ur saltora arte batera joanen dira eta hara iritsitakoan lehia hasiko da. Helmuga Urbasako Interpretazio Gunean izanen dute txirrindulariek. Antolakuntzak txirrindulariendako salda beroa eta berotzeko sua prest izanen du bertan, txirrindulariek gehien estimatzen dutena. Proba despeditu ondoren, 18:30ean, Akelarre tabernan oroigarri eta sari banaketa eginen da. Izan ere, txirrindulari guztiek oroigarri polita jasotzen dute. Proba herrikoia denez, antolakuntzak ez du klasifikazioa egiten, eta txirrindulari guztiek oroigarri berbera jasoko dute. Informazio gehiago Sociedad Deportiva Alsasuan eta Zornoza autoeskolan jaso daiteke (948 467 361). Izen ematea Proba hasi baino lehen Sociedad Deportiva Alsasuan. Federatuek 6 euro eta federatu gabekoek 8 euro ordaindu beharko dituzte. BTTkoekin urtea despeditzeraBurunda Txirrindularitza Taldeko Mendi Sailak urtea ongi despeditzeko ibilbidea antolatu du gaur, urtearen azken egunean. Goizeko 9:00etan abiatuko dira Zumalakarregi plazatik eta 20 km-ko ibilaldia egin eta gero, hamabietako ederrarekin esango diote agur urteari.