Berririk ez badute mugagabeko greba eginen dute Arfen

Guaixe 2010eko abenduaren 31

Arfeko zuzendaritzarekin atzo bildu nahi zuen enpresa batzordeak (LAB 3ek eta bina ELAk UGTk eta CCOOk). Asteartean langile batzarrak hartutako erabakiaren berri eman nahi zioten: heldu den astean lanera joanen dira, baina asteazkenerako  enpresaren bideragarritasun planaren berri ez badute mugagabeko greba eginen dute.Atzo arratsaldean enpresa batzordea Arfeko zuzendaritzarekin bildu zen. Kudeatzaileak jakinarazi zienez aholkularitza enpresa bat bideragarritasun plana egiten ari da eta ilbeltzaren 10 eta 15 bitartean aurkezteko asmoa du. Kudeatzaileak esan zienez, "plana ongi egin nahi du, izan daitekeen azken aukera delako". Langileei zor zaien diruaren inguruan kudeatzaileak jakinarazi zien finantzabiderik ez duela. Langileek greba mugagabea egiteko asmoaren aurrean kudeatzaileak esan zuen horrek egoera zaildu zezakeela. ParlamentuanAsteartean enpresa batzordeko kideak Nafarroako Parlamentuan NaBai, PSN eta IU-EBko ordezkariekin bildu ziren. CDNkoak hurrengo egunean ere haien babesa azaldu zieten. Arfeko langileek enpresaren egoeraren berri eman zieten parlamentariei. Haiek kontseilariaren agerraldia eskatzeko asmoa azaldu zuten. Baina Parlamentuan ilbeltzean hilabete baliogabea denez, otsailerako beharko luke. Hiru indarretako parlamentariek agerraldi hori azkartzen saiatuko zirela esan zieten Arfeko langileei. Parlamentariak ere publikoki babesa emateko prest azaldu ziren eta langileei zenbait aholku eman zizkieten. Enpresa batzordea parlamentariekin bilduta zegoen bitartean gainontzeko langileak kanpoko aldean, Sarasate pasealekuan kontzentrazioa egin zuten. EskaerakAltsasuko Udalak atzo aho batez Arferen egoeraren inguruko adierazpen bat onartu zuen. Altsasuko Udalak Arfeko zuzendaritzari exijitu dio lantegirako iragarri zuen bideragarritasun plana "berehala" aurkezteko. Baita langileei zor dizkien soldatak lehenbailehen ordaintzeko ere. Horrekin batera, "gatazkaren larritasunagatik" Altsasuko Udalak Roig kontseilariari esku hartzeko eskatu dio. Aste baten buruan enpresak bideragarritasun plana aurkezten ez badu Nafarroako Gobernuari jarrera aktiboagoa hartzeko eskatu dio Udalak, "familia askoren ekonomia kolpatu duelako eta Altsasurendako gizarte arazo bat bihurtzen ari baita". Horrekin batera, Altsasuko Udala Arferen etorkizunaren eta lanpostuen defentsan lanean jarraitzeko prest azaldu da. Udalak Arfeko kudeatzailearekin izan duen bileretan bideragarritasun planaren zain zegoela azaldu zien.  Antzeko erantzuna jaso omen du Nafarroako Gobernuak. Gaur San Silbestre lasterketan parte hartuko dute Arfeko langileetako batzuk.