Afrikaren begirada Iortian

Guaixe 2011ko urtarrilaren 12a

Altsasuko margolari Adela Sanchez Afrikara begira jarri da azken margolanetan. Urtetan margo ikastaroak eman eta pintura abstraktua landu ondoren, atzera ere, margogintza figuratiboa landu eta diziplina hartzeko beharra sentitu du. Ikerketa horren fruitua da Afrikarte erakusketa. "Afrikak asko erakartzen nau. Horregatik aukeratu nuen ikerketa lan honetarako" dio Altsasuko margolariak.Adela Sanchezen erakusketa koloretsuak Afrikaren leihoa ireki du Altsasuko Iortia kultur gunean. Haren bitartez, kontinente beltzera begira jarriko ditu sakandarrak eta Afrikaren begirada ekarriko du gurera. "Erakusketa ez zen posible izanen Koldo Arnanzen laguntzarik gabe" argitu du altsasuarrak esker onez.XehetasunakAdela Sanchezen Afrikan hiru kolore nabarmentzen dira: gorria, txuria eta beltza. "Bi urteko eboluzioaren emaitza da" azaldu digu, "kolore beroekin hasi eta azken margolanetan txuri-beltzera jo du, argazki zaharren edo biniloen tankerako koadroekin". Altsasuarrak formatu eta teknika ezberdineko koadroak egin ditu. Mihise eta ohol gaineko oleoak, collageak eta teknika mistoko koadroak egin ditu. Denera, azken bi urteetan egindako 39 margolan daude ikusgai.Afrikarte erakusketan kontinente beltzeko animaliak, paisaia eta herritarren aniztasuna ageri dira. Marokotik Zimbawera eta Nigeriatik Somaliara, Afrikako hamaika herrialdetako biztanleak ageri dira, nor bere herriko orrazkera, janzkera eta apaingarriekin. Gizon-emakumeak eta gazteak ageri dira, batzuk ehizan, besteak haurrekin; batzuk irribarrez, beste batzuk serio; eta gehienak begira, ikusleari so, begirada baita Adela Sanchezen obsesioa. "Begiradetan, espresioetan, ehunduran eta koloreetan aurkitu ditut sentimenduak eta koadroaren eta ikuslearen arteko komunikazioa" dio altsasuarrak. Margolariak xehetasunak lantzeko ahalegin berezia egin du. Joan zen ostiralean mustu zuten Afrikarte erakusketa. Kituka Burundi taldearen musika eta dantzekin giro ederra izan zen. Musikak eta apaingarriek lagunduta, Afrikarte erakusketak Afrikara darama ikuslea.ErakusketaAfrikarte Afrikako tribu, paisaia, animalia eta jendeen aniztasunaren inguruko ikerketaren emaitza da. Adela Sanchezek formatu eta teknika ezberdineko margolanak bildu ditu erakusketan.OrdutegiaIlbeltzaren 30era arte, astelehenetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara eta igandean 18:30etik 20:30era, Altsasuko Iortia kultur gunean.