Urtea ongi despeditu zuten txirrindulariek

Guaixe 2011ko urtarrilaren 11

Sociedad Deportiva Alsasuak San Silvestre txirrindula martxaren 28. Edizioa antolatu zuen urtezahar egunean. Altsasutik atera eta Urbasara igotzea zen erronka, Urbasako Interpretazio Gunera heltzea, hain zuzen. Txirrindulariek gogotsu erantzun zioten deialdiari, eta, eguraldia lagun, berrogeita hamar txirrindulari baino gehiagok ekin zioten portua igotzeari. Ur saltoraino taldean joan ziren, baina han hasi zen benetako lasterketa eta etengabeko erasoak. Proba ez lehiakorra denez antolakuntzak ez du sailkapenik egiten. 16 km inguru igo eta gero, Urbasara iritsita salda bero-beroa hartzeko aukera izan zuten txirrindulariek eta handik ordu betera Akelarre tabernan guztiek euren oroigarria jaso zuten.