Urbasan eskiatzea posiblea da

Guaixe 2011ko urtarrilaren 12a

Altsasuko Mendigoizaleak taldeko eski sekzioa aspaldi dabil Urbasan eskiatu ahal izateko lana egiten. Makina bat asanblada eta bileren ostean aurrera egitea erabaki zen eta aipatu beharra dago eski zale ugari bildu direla egitasmoan. Altsasuko Mendigoizaleak klubak hartu zuen baimenak, lege kontuak, izapideak eta beste egiteko ardura. Taldetxo batek ekipamendua hobetzeko ardura hartu du, eta esan beharra dago egindako zozketa eta ekarpenei esker abenduan elur-moto bat erosi zutela, elurra zapaltzeko makinaz tiratzen duena. Aurretik kolaboratzaile batek emandako helburua sinplea da: ahalik eta ekipamendu gutxienarekin elurra prestatzea, hau da, elurra egiten duenean elur hori zanpatzea eta arrastoa uztea, Bardoitza bidegurutzetik (Urbasako errepidea) Otsoportilloko zubira arte, eta hori egin eta gero, ibilbidea luzatu, Urbasa Lizarragako Tunelarekin lortzen duen pistara arte, Tximista bidegurutzetik. Hortaz, elurra egiten duenean eskiatzeko aukera dago Urbasa-Andian, aipatu taldea egiten ari den lanari esker. Orain autoak aparkatzeko espazioak eskaini ahal izatea da beste kezka, eta beharrezko eskariak tramitatu dituzte, eta aipatu zerbitzua emateko eta hobetzeko hamaika lanetan murgilduta daude.www.altsasukomendigoizaleak.comNorbaitek ekimenarendako laguntza ekonomikoa eman nahi badu, edo beste motako laguntza eskaini nahi badu edo ekarpenak eman nahi baditu ipareski@altsasukomendigoizaleak.com posta elektronikora jo dezake. Bestalde, ekimenari buruzko informazio guztia www.altsasukomendigoizaleak.com web gunean topa daiteke. Aipatu web gunean, Urbasan eskiatu ahal den pisten eguneratutako informazioa eskaintzen da http://www.altsasukomendigoizaleak.com/noticias.asp?IdNoticia=33 loturan.