Iker Buenok Aconcagua igo du

Guaixe 2011ko urtarrilaren 12a

Kilimanjaro eta Aconcagua igota, zazpi kontinenteetako zazpi gailur handienak igotzeko egitasmoan McKinley edo Elbrus izango du hurrengo erronkaIker Bueno Lopetegi mendizale altsasuarrak erronka gogorra jarri dio bere buruari: munduko zazpi kontinenteetako mendirik altuenak igotzea. Hau da, mendizaleen artean seven submit edo zazpi gailurrak deritzanak igotzea, eta berak bakarrik, gainera. 7x1= 7 gailur du izendatu du egitasmoa. Altsasuarrak udan hasi zuen bere abentura, abuztuan Afrikako mendirik altuena igo baitzuen, Kilimanjaro (5.895 m). Berriki Andeetan izan da eta Hego Amerikako mendi altuena igo du, Aconcagua (6.962 m). Hurrengo erronka oraindik ez du guztiz zehaztu: apirilean McKinley igo edo abuztuan Elbrus egitea da erabaki beharrekoa, lantegian oporraldia zehazten duenean hartuko duen erabakia. Izan ere, Sunsundeguin lan egiten du Iker Buenok, baina bertatik ateratzerakoan ez da gelditzen; bere aisialdi guztia mendizaletasunari eta eskaladari lotuta dago aspalditik. Zazpi gailurrak igotzeko proiektua du buruan, eta orain arte zituen oporrekin moldatu egin da udan Kilimanjaro eta abenduan Aconcagua igotzeko. Zazpi gailurrak bakarrik igotzea da Ikerrek duen proiektuaren ezaugarririk nabarmenena. Mendiak igotzeko berezko zailtasunari erabaki guztiak bakarrik hartzearen zailtasuna gaineratzen zaio. "Fisikoki eta psikologikoki ongi prestatu beharra dago. Psikologikoki gauzak izugarri prestatzen eta aztertzen: alde onak eta txarrak ikusiz, dena ongi zehaztuz, atzera ere gauzak pentsatuz..." dio altsasuarrak. Aconcagua igotzeko aurretik informazio andana bildu du, eta tartean Jose Ramon Agirre "Marron" mendizale ataundarrarekin egon zen. Hain zuzen ere Agirrek zazpi gailurrak eginak dauzka, eta ziurrenik helburu bera lortzeko grina are gehiago piztuko zuela gazte altsasuarrarengan. AconcaguaAbenduaren 5ean atera zen Iker Bueno Bilbotik, Argentinarako bidean, bertako Mendoza probintzian baitago Aconcagua, Andeetan. Abenduaren 9an Horconeseko parkean zegoen (2.950 m), bertatik Aconcaguarako abentura hasteko prest. Aklimatazio lana egin zuen, besteak beste Puente Incan (2.700 m.), Frantziako plazan (4.000 m), Mulas plazan (4.300 m), Boneten (5.000 m.) eta Nido de Condoresen (5.500 m.) izan zen. Hain zuzen ere, Aconcagua igotzeko oinarrizko kanpamentua Mulas plazan (4.300 m.) zegoen. Bertatik bigarren kanpamentura jo zuen, hain zuzen ere Nido de Condoresera (5.500 m.). Hurrengo pausoa hirugarren kanpamendura igotzea izan zen, Colera plaza (5.970 m.) izenekora. Bertatik jo zuen gailurrera, eta abenduaren 20an zapatu zuen Aconcaguako tontorra. "Aurreikusi bezala atera zitzaizkidan gauzak. Pentsatu nuen akaso altuerarengatik zailago egingo zitzaidala, baina nahiko ongi ibili nintzen. Azken txanpan bi mendizalerekin egin nuen topo, Argentinako armadako bi kiderekin, hain zuzen ere Aconcaguako tontorrera gurutze bat igotzera zihoazenak" adierazi digu Ikerrek. Tontorra egin eta gero, hirugarren kanpamendura jaitsi zen, Colera plazara. Handik Mulas plaza eta Puente Inca izan zituen helburu. Abenduaren 9an atera zen gaztea Horconeseko parketik, eta abenduaren 23an sartu zela kontuan hartuta, 14 egun egin zituen igoeran. Altsasura ilbeltzaren 1ean iritsi zen, urte berriarekin, eta helburua lortuta, pozik. Orain, hurrengoa du buruan, baina ez du zehaztu zehazki zein izanen den hurrengo mendia, laneko oporraldien araberakoa izango baita. "Apirilean oporrak izatea lortzen badut McKinleyra joko dut, bestela abuztuan Elbrus egitea izango da erronka". Bitartean, gertuko mendiak, Pirinioak eta beste ditu ihesbide. 7x1= 7 gailur ekimena aurrera eramateko orduan, Altsasuko mendizaleak Tolosako Aralar Kirolak, Lazkaoko Kemen Kirol Osasun Zentroa eta Altsasuko Mendigoizaleak taldearen babesa izan du, baina beste babesle eta diru iturri batzuk bilatzen dabil altsasuarra, ekimenarekin aurrera jarraitzeko. Zazpi gailurrakAsian Everest, Himalayan dagoena, (8.848 m); Amerika hegoaldean Andeetan dagoen Aconcagua (6.962 m), eta Amerika iparrean Alaskako mendilerroan dagoen McKinley (6.194 m); Afrikan Kilimanjaro (5.895 m); Europan Kaukasoan dagoen Elbrús (5.642 m); Antartidan Ellsworth mendietan dagoen Vinson (4.892 m); eta Ozeanian Ginea Berriko Maoke mendietan dagoen Puncak Jaya (4.885 m).