CBASK-en asteburuko emaitzak

Guaixe 2011ko urtarrilaren 20a

Altsasuko Saskibaloi klubeko taldeek -CBASK eta Clientes CAN Alsasua- asteburuan egindako lana hartuko dugu hizpide. Gizonezkoen senior mailako 2. maila autonomikoan Altsasuko bi talde ari dira lehian, eta biek irabazi egin zuten, itxura ona emanez. Fonseca C Liceo Monjardin liderrari 41-60 irabazi zion CBASK F taldeak, eta Silotite Baztan 48-53 hartu zuen menpean CBASK J taldeak. Sailkapen orokorrean Fonseca B Liceo Monjardin da liderra, 22+11 punturekin. CBASK J laugarrena da, 19+1 punturekin, eta CBASK F seigarrena, 17+1 punturekin. Larunbatean Fonseca C Liceo Monjardin liderra hartuko du CBASK Jk Altsasun, 17:00etan. CBASK Fk ere etxean jokatuko du Noain B taldearen kontra, igandean, 11:30ean. Gizonezkoen junior mailako 2. maila autonomikoan CBASK Altsasuko taldeak, liderrak 31-66 irabazi zuen Oliten Zona Media Olite taldearen kontra. Sailkapenean lidergoari eusten dio Altsasuko taldeak, 19+3 punturekin. Hurrengo jardunaldia larunbatean jokatuko du CBASK-ek Iruñean, IES Plaza de la Cruz taldearen kontra, 11:00etan. Gizonezkoen kadete mailan Clientes CAN Alsasua taldeak 50-47 hartu zuen menpean Larraona A. Burlata taldea da lider, 20+10 punturekin, eta Clientes CAN Alsasua hirugarrena da, 18+3 punturekin. Larunbatean Iruñean jokatuko du Altsasuko taldeak, San Ignazio A taldearen kontra, 9:15ean. Emakumezkoen kadete mailako 2. mailako lehen multzoan Clientes CAN Alsasua J taldeari 30-62 irabazi zion Gazte Berriak A taldeak. Toki Ona Bortziriak da liderra, 14+7 punturekin, eta Altsasuko taldea laugarrena da, 9-7 punturekin. Asteburuan atseden jardunaldia dute altsasuarrek. Eta emakumezkoen kadete mailako 2. mailako laugarren multzoan, Clientes CAN Alsasua G taldeak 45-16 hartu zuen menpean Liceo Monjardin B taldea. Burlata C taldea da liderra, 18+9 punturekin, eta altsasuarrak bigarrenak dira, 17+4 punturekin. Larunbatean Burlatan jokatuko dute, Burlata C liderraren kontra, 12:15ean. Bukatzeko, nesken haur mailako 2. mailan, Clientes CAN Alsasua 98-9 gailendu zitzaion Tafallari. Eta Irurtzunek 31-24 irabazi zion San Cernin B taldeari. Clientes CAN Alsasua da liderra, 18+9 punturekin, eta Irurtzun hirugarrena da, 15+2 punturekin. Miravalles taldearen kontra jokatuko du Altsasuk larunbatean Zizurren, 12:00etan, eta Sagrado Corazon izango du aurkari Irurtzunek larunbatean Iruñean, 9:30ean. Aipatutakoez gain Altsasuko saskibaloi klubak taldeak ditu baita minibasket mailan, neskena eta mutilena.