Batzar jendetsua

Guaixe 2011ko urtarrilaren 17a

Aurreko ostiral iluntzean 200 bat pertsona bildu ziren Foru plazan. Abian plataformak eta Arfe eta Igartex-eko langileek deitutako informazio batzarra izan zen. Bi enpresen egoeraren berri eman ondoren hiru proposamen plazaratu ziren. Batetik, herri bazkari bat egitea egoera okerrenean dauden langileei laguntza emateko. Bestetik, familien sentipenak azalduz argitalpen bat egitea. Eta, azkenik, langileen seme-alabek eta senideek deitutako mobilizazio bat egitea, "langileen gaia ez dela ikustarazteko, herriaren, gizartearen arazo bat baizik".     Abian plataformako kideek azaldu digutenez, batzarraren erantzunak haien aurreikuspenak gainditu zituen. Batzarrak lehen pauso bat izan nahi zuela azaldu digute Abianetik, "arduraz, urrats sendoak" emateko asmoa azaldu dute Abian plataformatik. Izan ere, Abianen ustez, langileak jasaten ari diren "erasoa toki ezberdinetatik dator". Horren adibide gisa jarri zuten banku eta kutxetan Arfeko langileei maileguak emateko debekua iritsi zaiela "goitik".