Arfen bideragarritasun planarekin bueltaka

Guaixe 2011ko urtarrilaren 20a

Aurreko ostiralean Arfeko kudeatzaileak langileei azaldu zien bideragarritasun plana egina zuela. Haren bidez enpresarendako finantziazioa lortu nahi du zuzendaritzak. Plana aurkezteko astelehenean kontaktu erronda hasiko zuela aurreratu zien langileei. "Planarekiko sentsibilitate gehien duten erakundeei aurkeztuko die plana". Horixe azaldu zion Ramon Arzak, Arfeko kudeatzaileak, enpresa batzordeari (LABek 3 eta bina ELAk UGTk eta CCOOk) aurreko ostiralean. Enpresa batzordeko buru Luis Victor Rodriguezek esan digunez, kudeatzaileak ez die planaren edukien berri eman. "Ez digu esan zertan datzan. Bakarrik Arfe marka eta 157 lanpostuak mantendu nahi dituela". Baina ostiralean itxaropen izpia zena asteazkenean amorrua zen. "Ez dago bideragarritasun planik. Adarra jotzen ari zaigu. Prestatzen ari omen da". Langileek jakin ahal izan dutenez Nafarroako Gobernuarekin zuen bilerara esku hutsik joan zen kudeatzailea. Langileek esan digutenez Nafinco enpresa publikora ere jo omen du kudeatzaileak. GrebaLangileek aurreko astean hasi zuten greba mugagabearekin segituko dute. "Zerbait kobratuko dugunaren ziurtasuna izan arte ez gara lanera bueltatuko". Bideragarritasun planaren lehen urratsa kobratzea izan behar duela garbi dute langileek. Bestalde, otsailaren 2an Jose Maria Roig Aldasoro industria kontseilariarekin bilduko da  enpresa batzordea. Hura ere, orain arte bideragarritasun planaren zain egon da. Bestalde, aurreko ostiralean ELAko delegatuek Arferen aldeko kontzentrazioa egin zuten Iortia kultur gunearen parean.Enpresa batzordearen itxialdiaAsteazken eguerdian Arfeko enpresa batzordea lantegian sartu eta itxialdia hasi zuen. Langileen ordezkaritzaren buru den Luis Victor Rodriguezek azaldu zuenez haien asmoa da konponbidea lortu arte itxialdiari eustea. Itxialdia hasi aurretik Rodriguezek esan zuenez, "ez dugu arazoa luzatzea nahi. Lehenbailehen konponbidea eman diezaiola nahi dugu". Protesta horrekin batera, Arfeko langileak kudeatzailearen etxe aurrean kontzentratu dira herenegun, atzo eta gaurko ere asmo bera dute.