Altsasuko ihoteak nazioartean

Guaixe 2011ko urtarrilaren 28a

Ohi baino beranduago izanen dira aurten ihoteak, baina Altsasuko Inauterien Taldea inoiz baina lehenago hasi da lanean. Izan ere, Altsasuko taldeak atzerrian aurkeztuko ditu herriko pertsonaiak. Berriki lekua egin dute Brincheko (Belgika) Inauterien eta Mozorroen Nazioarteko Museoan. Gaur, berriz, Bulgariarako bidea hartuko dute. Bertan, XX. Pernikeko Nazioarteko Mozorroen Jaialdian parte hartuko dute.Enrike Zelaiak azaldu digunez, Altsasuko Inauterien Taldeak Bulgariara joateko gonbidapena jaso zuen, "bertako mozorroak Pernikekoen antzekoak izateagatik". Altsasuko 16 urtetik 74ra arteko 30 lagunek erantzun diote deiari. Sofiatik 30 bat kilometrora dagoen Pernik hirian izanen dira gaurtik astelehenera arte. Nazioarteko 140 herrietako mozorroen artean, Sakanako ihoteek ordezkaritza izanen dute. Altsasuarrek lau emanaldi eskainiko dituzte bihar eta etzi, bi kalean (10 minutukoak) eta bi agertoki baten gainean (20 minutukoak). Enrike Zelaiak bi koreografia prestatu behar izan ditu agerraldien beharretara egokitzeko. "Beste herri batzuetako ihoteak ez bezala, Altsasukoak ez dira ongi antolatutako desfile edo antzerkiak. Gure inauteriaren indarra taldean eta parte hartze masiboan dago" azaldu digu ihoteen berreskurapenean lan ederra egin zuen Enrike Zelaiak. Antzeztutako muntaketan indar hori zabaltzen saiatu dira. Bost pertsonai eramanen dituzte Bulgariara: momotxorroak, juantranposo, maskaritak, sorginak eta akerra. Besteak beste, ereintza antzeztuko dute golda eta guzti. "Mozorroak zaintzeko ahalegin berezia egin dugu, pertsonaiak ziren horretan mantentzea garrantzitsua baita" esan digu Zelaiak. Txistulariak eta akordeoilariak ere mozorrotuko dira. Altsasuko Inauterien Taldeak ahalegin berezia egin behar izan du Bulgariara joan ahal izateko. Iazko udan izan zuten lehen kontaktua bulgariarrekin eta orduz gero antolaketan eta diru iturrien bilketan murgildu dira. Ferietan txistorra saltzera atera baziren ere, bidaia ordaintzeko ahalegin pertsonala egin behar izan dute. Europako mozorroen erakusketaBrincheko (Belgika) Inauterien eta Mozorroen Nazioarteko Museoan ireki berri dute Europako mozorro herrikoien erakusketa. Erakusketak primitibismoaren gaia lantzen du eta bertan lekua egin diete Altsasuko inauteriei. Bertarako argazkiak ateratzeko helburuarekin Charles Fréger argazkilari frantziarra Sakanan izan zen duela bi aste. Bertan, Sarabe eta Urbasako paraje ederretan Altsasuko inauterietako pertsonaien argazkiak atera zituen.