Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alzheimerra eta beste gaitz neurodegeneratiboen prebentzio, tratamendu eta sendabiderako ikerketan esperientziak trukatuko dituzte. Helburu horrekin sinatuko dute elkarlan hitzarmena Josefina Arregi klinikak eta Pascual Maragall Fundazioak. Martxoaren bigarren erdialdean sinatuko da hitzarmen hori, Altsasun. Alzheimer gaitza, gaixoak eta haien senideak gaiaren inguruko jardunaldi batzuen baitan izanen da. Horren guztiaren berri aurreko ostiralean eman zuen Mª Jose Notario zinegotzi sozialistak. Berarekin batera, klinikara, bisita egin zuen sozialista nafarren buruak, Roberto Jimenezek. KonpromisoaNafarroako sozialisten eledunak Josefina Arregi zentroarekin duen konpromisoa berretsi zuen. Jimenezek gogora ekarri zuen PSNren ekimenez sartu zela Nafarroako aurrekontuetan Altsasuko klinikarendako milioi erdi euroko emendakina. Gainera, zentroak egiten duen lana goraipatu zuen. PSNko buruak salatu zuen zenbait gaixok eta familiak bere poltsikotik ordaindu behar izan dutela klinikako egonaldia "batzuek ez zutelako kontzertutako plazak zabaltzerik nahi". Sozialistek zentroaren alde egindako eskaerei UPNk entzungor egitea salatu zuen Jimenezek. Bestetik, NaBairi manifestazioen buruan egotea, baina ondoren emendakinaren aldeko botorik ez ematea leporatu zion. Sozialisten buruak, azkenik, Altsasu inguruko langabetuendako elkartasun mezua zabaldu zuen. UPNk sentsibilitaterik ez duela izan nabarmendu zuen. ZentrotikSozialistei harrera egin zien Jesus Torralba Josefina Arregi klinikako kudeatzaileak. Berak onartutako emendakinak zentroak ateak zabalik izatea bermatzen duela esan zuen. Eta adierazi zuenez, "egoera ekonomikoak kudeaketa ekonomiko zorrotza eskatzen du. Aurrera egiteko nola edo hala moldatu beharko dugu".