Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ezker Batuak (IU-EB) dioenez, ezker abertzaleak egindako proposamena oso berandu egin zen (ilbeltzaren 13an). Koaliziotik gaineratu dutenez, Burunda pilotalekua, zenbait salbuespen kenduta, kirolerako erabili behar da soilik. IU-EBk gaineratu du ez Altsasun ezta Sakanan ere ez dagoela katering enpresarik, "beraz dirua eskualdetik kanpo joanen zen". Azkenik Ezker Batutik azaldu dute jan-edanean 400 pertsona biltzean ordenu zerbitzua beharko litzatekeela, "eta gutxienez baita fidantza, asegurua eta anbulantzia ere, zerbait gertatuz gero". Ezker Batuaren iritziz krisia arintzeko aurtengo udal aurrekontuetan honako diru-sailak sortu beharko lirateke: tokiko enplegua sustatu eta laguntzeko; gizarte premiako laguntzak; publikoaren aldeko apustua, esaterako Zelandi eskola; kale eta bideen konponketa; hilerriko nitxoak eta abar. Ezker Batuak dio horretarako diru asko behar denez, "lehentasunezkoa ez dena itxaron dezakeela". Koalizioak proposatu du Mankomunitateari euskara edo kirolerako ematen den dirua, ikastolari ematen zaiona, Auritz azokarena eta eguberritako saskietarako diru-sailak heren bat murriztea, eta handik ateratako dirua gizarte gaietara bideratzea.