Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arfeko enpresa batzordeak atzo goizean utzi zuen itxialdia. Bederatzi egun eman dituzte enpresan itxita. Enpresa batzordeko buruak, Luis Victor Rodriguezek, esan digu ez dutela espero zuten helburua lortu: bideragarritasun plana.Enpresa bideragarri eginen duen plan bat eta atzeratutako soldatak ordaintzeko eskatzen ari dira Arfeko langileak. Hilaren 10etik daude greban eta hala jarraituko dute. BileraAsteartean enpresa batzordea eta sindikatuetako liberatuak Arfeko zuzendaritzako kideekin bildu ziren. Bideragarritasun plana bi hilabete barru egon daitekeela esan zien Ramon Arzak langileen ordezkariei. Rodriguezek langileen pentsaera laburbildu du: "Antzerkia egiten ari da. Lastailetik darama planarekin. Gutaz barre egiten ari da". Zuzendaritzatik langileei lanera bueltatu zitezela proposatu zieten. Rodriguezek azaldu digunez, "Arzak esan zigun bezero batek Arferen 260.000 euroko fakturak erosiko zituela eta horrekin hilabete bateko soldata ordaintzeko izanen zuela". Enpresa batzordeak ez zuen proposamena onartu. Bere kide Gustavok azaldu digunez, "gero kobratuko genuenik ez zigun ziurtatzen". MobilizazioakArfeko langileak egunero, 18:00etan, kudeatzailearen etxe aurrean kontzentratzen ari dira. Domekan, berriz, 19:00etan udaletxe aurrean egiten dute elkarretaratzea. Bestalde, heldu den asteartean enpresa batzordea Nafarroako Parlamentuan egonen da egoeraren berri ematen. Asteazkenean, berriz, Roig kontseilariak emanen ditu Arferi buruzko azalpenak.Arfeko langileek diotenez, "pixkanaka ikusten ari gara gurekin gero eta ardura gutxiago dutela. Gutaz ez ahazteko eskatzen diegu, haiek ere honen parte direlako". Politikoen aldetik hitz ederrak baino gehiago eskatu dituzte. Bitartean sindikatuak lanean ari dira. ELAk Arfeko bere afiliatuen izenean lan epaitegira jo du zor zaizkien diru kopuruak erreklamatzeko. UGTk bide hori egiteko asmoa azaldu du eta, momentuz, dokumentazioa biltzen ari da.ElkartasunaAstelehenaz geroztik, Arfeko langileen senideak itxialdia egiten ari dira udaletxean, 6:00etatik 22:00etara. Bestalde, langileek egun hauetan jasotako elkartasun adierazpen guztiak eskertu dituzte. Elkartasuna sarera ere zabaldu da, Facebook-en Arfe solución ya taldea sortu baita.