PSNk Altsasuko sozialistek adostutako hautes-zerrenda atzera bota du

Guaixe 2011ko urtarrilaren 28a

Astelehenean hartu zuen erabakia PSNko Lurralde-Zuzendaritzako Batzorde Iraunkorrak. Altsasuko militanteek udal hauteskundeetarako prestatutako zerrenda dago PSNko zuzendaritzak betatutakoen artean, "egokia ez delako". PSNko antolakuntza idazkari Jose Luis Izkok azaldu zuenez, "alderdi sozialistako zuzendaritzak ez du kontsignarik diktatzen, bere eskumenetan agrupazioak subiranoak dira". Izkok gaineratu zuenez, "hautagaitzak egiterakoan denek oinarrizko printzipio batzuk barneratuak ditugu: eraberritzea eta irekitzea, ohitura endogamikoak baztertzea eta terrorismoaren inguruarekin zalantzarik gabeko irmotasuna".HarriduraAltsasuko Udalean hiru zinegotzi sozialista daude. Haien bozeramaile Juan Miguel Perez Hurtado telebistaren bidez izan zuen erabakiaren berri. Asteazken iluntzean Iruñean alderdiko buruekin bildu zen haien azalpenak entzuteko. Horien berri atzokoan Altsasuko asanbladan eman behar zuen eta gero sozialista altsasuarrek beharrezko erabakiak hartuko zituztela aurreratu zigun Hurtadok. Altsasuko sozialisten asanbladak aurreko asteko ostegunean osatu zuen hauteskunde zerrenda, Hurtado bera buru dela. Alderdiko oinarriak betetzen dituztela, kontsentsuz egin zela eta zerrenda berritua dela azaldu du Hurtadok. Iruñean hartutako erabakia ez da ongi hartu Altsasun. "Endogamiarena leporatzen digute, senar-emazte batzuk daudelako. Baina edozein zerrendetan daude senideak" dio Hurtadok. Indarkeriaren gaiaren inguruan bera eta bere kideek egunero bizi dutena gogora ekarri zuen.