Igandean banatu ziren 2010eko Sabino Arana Sariak Bilboko Arriaga antzokian. Sarituen artean zegoen, besteak beste, Helena Taberna zinemagilea. Altsasuarra pozik azaldu zen Sabino Arana Fundazioak lehen aldiz zinea saritu duelako. Izan ere, bere esanetan, "herrialde orok behar du bere historia landuko duen zinea". "Zinea baliagarria da gizartean bizirik dauden gaien inguruan hausnartzeko eta gaurko ardurak ondorengoen esku uzteko" adierazi zuen. Tabernak Amerikako zinearen ereduaren aurrean, herriaren historia txikiak eta handiak oinarri dituen kalitatezko zinearen alde egin zuen. Sabino Arana Fundazioak Helena Tabernaren ibilbidea nabarmendu zuen, "bere egitasmoak aukeratzerakoan duen koherentziagatik, eta zinematografiarako duen estilo pertsonalagatik". Erakundeak Altsasuko zinemagileak landutako gaiak azpimarratu zituen, "XXI. Mendean kezka pizten duten gaiak baitira: emakumea, migrazioa, terrorismoa, memoria historikoa...". Gainera, altsasuarrak "gaiak tratatzean duen modu sentibera eta oraindik gizonek menderatzen duten lanbide batean tarte bat egiteko duen adorea" goraipatu zuten. Helena Tabernarekin batera, Frank Gehry arkitektoa, Pedro Migel Etxenike zientzialaria, Iberdrola energia-konpainia, Gureak taldea eta Virginia Berasategi triatleta saritu zituzten. Erakundeak sariarekin "gizartearen alde egindako lana" eskertu zuen.