Hartzekodunen konkurtsoa. Gobernuak Arfekoei eskaini diena

Guaixe 2011ko otsailaren 3a

Jose Maria Roig Aldasoro kontseilariak atzo Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian argi hitz utzi zuen: "enpresan esku-hartzeko bi aukera daude. Bata erostea. Baina horrekin batera zorrak ere eskuratzen dira eta nafar guztien diruarekin ezin da jaun horren zorrak ordaindu".Beste aukera hartzekodunen konkurtsoa zela azaldu zuen Roig-ek. Lan Departamentuak Arfeko langileei horren inguruan aholkuak eman zizkiela ere aitortu zuen. 157 langileek aukera horren alde eginen balute lan agintaritzari enplegu erregulazio espedientea aurkeztu beharko liokete.  Horrek berehala langabezia kobratzeko aukera emanen lieke. Ondoren, beti ere, Roigek azaldu zuenaren arabera, langileek konkurtsoa eskatzeko aukera lukete. "Epaileak hura onartzen duen unetik langileek Fogasari eska diezaiokete soldatak eta kaleratzea ordaintzeko". Kontseilariak azaldutakoaren arabera, "epaileak enpresari jarritako administratzaileek egoera aztertu eta enpresak jarduerarekin jarraitu lezakeen edo ez aztertzeko aukera izan  lezakete". Administratzaileen azterlanak enpresa bideragarria dela agerian utziko balu Nafarroako Gobernua langileei laguntzeko prest egonen zela ziurtatu zuen Roigek, eta Isphordingen adibidea jarri zuten horretarako. Roigek ziurtatu zuenez, "enpresak gobernuarekin duen zorragatik ez dugu hartzekodunen konkurtsoa aurkeztuko". Langileek neurri hori egoki ikusten badute elkarlanean aritzeko aukera aipatu zuen, hori bai.  Kudeaketarekin kritikoIndustria kontseilariak Nafarroako Parlamentuan ziurtatu zuen Arfeko zuzendaritzak ez duela bideragarritasun planik eskatu. Horrekin batera ziurtatu zuen enpresaren datu ekonomikoak ez direla "argiak". Bestetik azaldu zuen Arfek Nafarroako Gobernuari edo enpresa publikoei 900.000 euroko zor dizkiola. Roigek gaineratu zuenez "zorraren zifrak kontuan hartzekoak" direla. Kontseilariak Ramon Arzari langileei ordaintzeko exijitu zion. Horrekin batera, bideragarritasun plana aurkeztu dezala eskatu zion . Bere burua aldeen artean bitartekari egiteko eskaini zuen, "nahiz eta aldeetako batek nahi ez duela dirudien". Horrela astelehenerako bilera egin zion aipamena kontseilariak. Langileen ordezkariak agertu ziren, Arfeko zuzendaritzako ordezkariak, ez ordea. EskaerakAtzokoan talde parlamentarioek Ramon Arza gogor hartzeko eskatu zioten kontseilariari. NaBaik, PSNk, IU-EBk eta CDNk  Roigi eskatu zioten langileen alde egin zezala eta gobernuko departamentuen koordinatuz enpresariari presioa egiteko eskatu zioten. Arzari presioa administratiboki eta judizialki egiteko eskaerak egin zuten talde parlamentarioek. Egoera berezia denez gobernuari ekimen bereziak ere eskatu zizkioten. Kudetatzailearendako ez zuten hitz ederrik izan parlamentariek. "Gobernuak gure burua kaleratzeko eskatu digu"Roig kontseilariaren agerraldiaren ondoren horixe adierazi zigun Luis Victor Rodriguezek, Arfeko enpresa batzordeko buruak. "Entzundakoaren ondoren, bakarrik gaude. Nafarroako Gobernuak ez du ezer eginen". Hain zuzen ere, kontseilaria Parlamentuko Industria Batzordean egon aurretik, enpresa batzordeak Arfeko egoeraren berri eman zuen. 157 langileen ordezkariek asteartean Parlamentuan adierazi zuten "gero eta babesgabeago" sentitzen direla, "zer egin eta zein neurri hartu jakin gabe". Hori guztia zuzendaritzak "etorkizunerako lerroak markatu eta lanpostuak bermatuko dituen bideragarritasun planik aurkezten ez duelako". Horregatik, parlamentarioei honako eskaerak egin zizkieten: "enpresariaren utzikeriaren aurrean Nafarroako Gobernuari exijitu diezaiotela Arferen gaiari heldu diezaiola eta langileen interesak babestu ditzala". Azkenik, alderdiei ere esker ona azaldu zieten.    BileraJose Maria Roig Aldasorok esandakoak eta gero, langileak nahiko etsituta gelditu ziren. Gaurkoan sindikatu bakoitza bere afiliatuekin biltzekoa da gaia aztertzeko. Bihar goizean, berriz, enpresa batzordea eta sindikatuetako ordezkariak bilduko dira eman beharreko urratsak aztertzeko. Bitartean domekak ezik egunero Arzaren etxe aurrean kontzentratzen jarraitzen dute. Domeketan udaletxe aurrean eta azokan ere.