Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken mendean aldaketa handia jasan dute inguruko herriek. Nekazal herri txiki izatetik hiri industrial izatera pasa dira. Aldaketa hori bereziki nabaria da Altsasun. XX. mendeko bilakaeraren errepasoa egiteko aukera paregabea eskaintzen du Iortia kultur guneko erakusketak. Astearen hasieratik ikusgai dago Begoña Salazarren eta Laura Lopezen XX. mendeko Altsasuko oroitzapenak eta irudiak erakusketa.Herritarren historiaBegoña Salazarrek liburuz bete du Iortia kultur guneko erakusketa-gela. Hamarnaka liburu daude, horietatik 20 bat azken urtean eginak. Begoña Salazarren liburuak Altsasuko herriaren historia liburuak dira. Herritarren argazkiz eta bertako erakunde, talde eta pertsonen informazioz hornituta daude. Finean, herriaren eraldaketaren, idiosinkrasiaren, ohituren eta ospakizunen testigu dira. Begoña Salazar duela zenbait urte hasi zen erakusketarako materiala biltzen. Hasieran zaila eta neketsua zen lana, gero eta errazagoa zaio. Izan ere, azaldu digunez, "asko dira nire etxera familiaren argazki zaharrak ematera doazenak". Argi dago altsasuarrek gustura hartzen dutela Salazarren erakusketa. Iortiako erakusketa arrakastatsuenetakoa da eta dagoeneko hirugarren edizioa du. Herritarrek lasai, denborarekin bisitatzen dute, liburuak esku arten hartu eta pertsona eta txoko ezagunak identifikatzeko gogoz. Laura Lopez sorterrira bueltanErakusketa bereziki hunkigarria izanen da Laura Lopezendako. Izan ere, haren aitzakiarekin 9 urterekin utzi behar izan zuen sorterrira itzultzeko aukera izan du. "Urte asko dira Altsasun egon ez naizela eta, gurasoak galdu ditudan honetan, barrua nahastu dit erakusketak. Haurtzaroko oroimenekin lotuta dauden txokoak margotu ditut. Niretako oso aberasgarria izan da" azaldu zigun Altsasuko margolariak. Begoña Salazarrek bidalitako argazki zaharretan oinarrituta, Laura Lopezek Altsasuko zenbait txoko ezagun margotu ditu. Argazki beretik abiatuta, ikuspuntua, enkoadraketa, testura edota tonalitatea aldatuz, margolan arras ezberdinak egin ditu. "Emaitzak eta sentsazioak guztiz ezberdinak dira" dio, "gustuko dut aldaketa horiekin jolastea" gehitu du. Altsasun sortutako margolariak zenbait teknika erabili ditu: teknika mistoak, olio-pinturak, akrilikoa, lausadurak, karga enpastatuak, bozetoak eta abar.Laura Lopez Zarraga Altsasun jaio zen, baina Iruñean, Bartzelonan eta Granadan hezi da. Arteak eta lanbideak ikasketak egin ditu eta Arte Ederretan lizentziatua da. Margogintzaz gain gustuko ditu beste sormen adierazpenak: errestaurazioa, poesia, ipuinak, antzerkia... Eta energiarekin loturiko ekialdeko filosofiak ere gogoko ditu. Horrek guztiak oihartzuna du bere margolanetan. Altsasuko margolanekin batera, bere estiloaren adierazgarri diren margolan aske, dinamiko eta koloretsuak ere badira. "Jaioterriarekin oroitzean sormen sumendia sortu zen nire barrenean eta haren emaitza Altsasura ekarri nahi izan dut" jakinarazi zigun. Bere lana gertutik ezagutzeko aukera izanen da Iortia kultur gunean.ErakusketaBegoña Salazarrek XX. mendeko Altsasuko gogoratzera gonbidatu ditu herritarrak. Argazkiz eta testuz hornitutako liburuetan bisitariek bere familiaren eta herriaren historia aurkituko dute. Laura Lopezen margolanek XX. mendean murgiltzen laguntzen dute.OrdutegiaOtsailaren 26ra arte, astelehenetik ostiralera 18:30etik 21:00etara, eta domekan 19:00etatik 21:00etara. Ostiralean, 19:00etan, mustutze ekitaldia.