Vilariño Champions for Africa partidan

Guaixe 2011ko otsailaren 8a

Berriki Champions for Africa futbol partida jokatu zen Madrilgo Vicente Calderon zelaian. Partidako irabaziak UNICEFen Afrikako Eskolak eta Kanouté fundazioko Maliko Haurren Hiria egitasmoetara bideratu dira. Bi talde lehiatu ziren: Espainiako lehen mailako futbol taldeen arteko konbinatua (Sergio Ramos, Agüero, Lopez, Valerón, Valdo, Ricardo, Rivas, Sanchez eta beste, Antic eta Michelen zuzendaritzapean) eta Africa United (Futre, Miliko, Pantic, Lass, Nelson eta beste, Jose Mourinhoren zuzendaritzapean). 2-3 gailendu zen Africa United. Bada, Jose Vilariño fisioterapeuta eta osteopata altsasuarrak kirol masajista lanak egin zituen. "Bertan parte hartzea esperientzia handia izan zen niretzat, lehenik eta behin ongintzazko partida zelako, eta bestetik elite mailako jokalariekin lan egin nuelako eta maila horietako ekitaldietan parte hartzea beti delako ona. Izan ere, gure profesioan ahoz ahokoak asko funtzionatzen du" adierazi digu Jose Vilariñok. Vilariñok Axis zentroa kudeatzen du Barañainen, eta tartean elite mailako kirolariak artatzen ditu. www.axiscentrocorporal.com web gunean informazioa topa daiteke.