Arfen asteleheneko bileraren zain

Guaixe 2011ko otsailaren 10a

Gaur lotu dute bilera hiru aldeek. Ramon Arza eta Arfeko enpresa batzordea gaur 14:00etan biltzekoa ziren, baina kudeatzailea ez da bilerara agertu. Arrazoia, Iruñean zegoela, Nafarroako Gobernuko Lan eta Arriskuen zuzendari nagusi Imelda Lorearekin.Arzak enpresa batzordeko buru Luis Victor Rodriguezi esan dionez Lorearekin denetaz hitz egin du. "Lorearekin gaia nondik bideratu zehazteko bildu omen da. Ez du argi esan, baina adierazi nahi izan du hartzekodunen-konkurtsoa aukera izan daitekeela". Aukera hori gauzatuko balitz "berarendako eta guretako aukera txarrenetan onena" litzatekeela esan digu Rodriguezek. Hala ere, zerbait kobratzeko hilabete eta erdi edo itxaron beharko luketela argitu digu enpresa batzordeko buruak. Aurretik ere kudeatzaileak hitza jan duela jakitun dira langileak. Horregatik, gaur bileraren atzerapena jakin denean tentsioa nabarmendu da langileen artean. Azaldu digutenez, "langileek ez dugu onartuko berriro gure lepotik barre egitea. Astelehenekoa definitiboa izan behar du. Erabakiak hartu behar dira". Rodriguezek esan digunez, "Ezin da luzaroan egoera hau mantendu". Langileek hori exijitu zioten Arzari atzo izandako bileran eta gauza bera errepikatu dute gaur. Horrekin batera, enpresa batzordeak Arzari enpresa uzteko exijitu dio, langileen ustez Arza gabe Arfe bideragarria baita. Aurreratzen saiatuArferen etorkizuna astelehenean erabaki daiteke, lehenago ez bada. Izan ere, enpresa batzordea Imelda Lorearekin harremanetan jarri nahi izan du gaur arratsaldean. Arrazoia, astelehenerako 16:00etan jarritako bilera ahal bada aurreratzea. Kontu korrontea Urte erdi kobratu gabe daramate Arfeko langileek. Familia askoren ekonomiak hondoa jo du. Premia larrien duten langileei laguntzeko gaur bertan kontu korronte bat zabalduko da, nahi duenak ekarpenak egiteko.