Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar, larunbata, 18:30ean, Burunda pilotalekuanBiharko hitzaldian hiru adituk errausketak "osasunean izanen dituen eraginak, beste eskualdeetako esperientziak eta zementu labeetan gai kutsakorrak nola sortzen diren" azalduko dute. Hala jakinarazi du talde antolatzaileak. Olatzagutiko porlandegian hondakinak errausteko aukera izan zitekeela jakin eta gero biltzen hasi ziren eta herrian hainbat harreman izan dituztela azaldu digute azken hiru hilabeteetan. Jarduera Cementos Portland Valderrivas (CPV) enpresak Nafarroako Gobernuari baimena eskatu dio Olatzagutiko porlandegian biomasa erre ahal izateko. Taldeak zabaldu duenez, 20.000 tona biomasa erreko lirateke, egun erretzen den pet cokearen %6,6 ordezkatuz. Taldeak nabarmendu duenez, CPVk hondakin kudeatzaile izan nahi du, "hau da, hondakinak erretzeagatik kobratu egin nahi du". Errausketaren kontrako taldeak dioenez "biomasa eta hondakinak elkartuz, erregaiaren % 30a ordezkatuko dute". Taldeak zabaldu duenez, CPVk Olatzagutian erre nahi dituen hondakinen artean daude: hiri hondakin solidoak, ur araztegietako lokatzak, autogintzako hondakinen pusketak, pneumatiko zaharrak eta animali irinak. Errausketaren kontrako taldeak nabarmendu nahi izan duenez, "milaka medikuk baieztatzen dute beste eskualde batzuetan egindako ikerketa eta esperientzietan oinarritutako informe anitzetan, erraustegi zein porlandegi-erraustegietan hondakinak erretzeak ondorio negatiboak dituela pertsonen osasunean". AntolatzaileakBiharko hitzaldiaren antolatzaileek euren burua "Cementos Portland enpresan hondakinak erretzearen kontra agertzen den pertsona talde" gisa definitu dute. Horretaz gain, gaineratu du, motibazio politikorik ez duela eta "enpresako langileriaren zein enpresaren kontra ez dagoela". Errausketa porlandegitik gertu "bizi garen biztanleoi eragiten dizkigun osasun eta ingurugiro arriskuen kontra ageri da". Porlandegiaren errausketa egitasmoaren kontra dagoen taldeak helburu bakarra duela: altsasuarrek jarduera horrek sor ditzakeen "osasun arazo larriei aurre egin behar ez izatea". Talde horrek ez du onartzen errausketaren ordez balioztapen hitza erabiltzea, "populazioa nahasten duelako". Aldi berean, talde horrek enpresarekin erlazioa duten hainbat sektorek egindako "xantaia" salatu du, behin eta berriz esan dutelako "edo errausten da edo lantegia itxiko da". Talde antolatzailea birziklatze planten alde agertu da, "lanpostuak sortzeaz gain, hondakinen tratamenduak ez duelako osasunean kalterik sortuko".