Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur bilduko dira Iruñean Ramon Arza Arfeko kudeatzailea, Arfeko enpresa batzordea eta Imelda Lorea Nafarroako Gobernuko Lan zuzendari nagusia. Langileek espero dute bilera honen ondorioz egoera desblokeatzea eta euren etorkizuna argitzea. Ostegunean Arza gerenteak enpresako buru Luis Victor Rodriguezi esan zion ostegunean bertan Lorearekin bildu zela eta denetaz hitz egin zuela. "Lorearekin gaia nondik bideratu zehazteko bildu omen zen gerentea. Ez zuen argi esan, baina adierazi nahi izan zuen hartzekodunen-konkurtsoa aukera bat izan daitekeela". Aukera hori gauzatuko balitz "berarendako eta guretako aukera txarrenetan onena" litzatekeela adierazi zigun Rodriguezek. Hala ere, zerbait kobratzeko hilabete eta erdi edo itxaron beharko luketela argitu zigun enpresa batzordeko buruak. Gaurkoa, "azken kartutxoa"Hortaz, gaurko bileraren ondoren argituko da Arferen etorkizuna. Edo hori espero dute langileek. "Bilera hau azkeneko kartutxoa da. Espero dezagun gerentea bilerara esku hutsik ez etortzea eta enpresaren etorkizunaren inguruan erabakia hartuta etortzea" adierazi du enpresa batzordeko buru Luis Victor Rodriguezek. "Arfeko langileek ez diogu dirurik eskatzen Nafarroako Gobernuari. Gizon honek guri eta gure familiei egiten ari digun guztia ordainarazi diezaiola da Gobernuari exijitzen dioguna" azpimarratu du enpresa batzordeko buruak. Izan ere, Gogora ekarri behar da Arfeko 157 langileak ilbeltzaren 10etik greba mugagabean daudela eta urritik hona daudela kobratu gabe, eta egoera hau ezin da luzaroan mantendu, familia askoren ekonomiak hondoa jo baitu. Langileen ustetan Arza gerentea gabe Arfe bideragarria da, eta horretatik enpresa batzordeak enpresa uzteko exijitu dio Arzari. Mila pertsona ingururen babesa jaso zuen ArfekArfeko langileei elkartasuna adierazteko ostiralean manifestazio jendetsua burutu zen Altsasun. Langileen senitarteko eta lagunek eta Abian plataformak deitu zuten manifestazioa, eta 1.000 pertsona inguruk eman zioten babesa. "Nafar Gobernua eta patronala errudunak. Sakanan bizi eta lan" zihoen pankartak. Antolatzaileek Arfeko 157 langileek sufritzen ari ziren egoera salatu nahi izan zuten, eta, horretaz gain, "Nafarroako Gobernuaren utzikeria" salatu nahi izan zuten. Laguntza ekonomikoa Manifestazioa bukatu eta gero antolatzaileek azaldu zuten hainbat ekitaldi antolatzea dutela buruan, langileendako dirua biltzeko asmoz. Horrela, martxoan herri bazkari bat prestatu nahi dute. Ildo honetan, gogoratu beharra dago enpresa batzordeak kontu korronte bat zabaldu duela, ekarpenak jasotzeko. Izan ere urte erdi kobratu gabe daramate eta familia askoren ekonomiak hondoa jo du. Premia larrien duten langileei laguntzeko kontu korrontea zabaldu dute Nafarroako Kutxan. Zenbakia 2054 00101139161274667 da, eta "Arfe solucion ya" da enuntziatua. "Arfekoa argitu eta gero oraindik fondoak geratzen badira, sor daitezkeen etorkizuneko lan gatazka berriendako utziko dira" azaldu zuen enpresa batzordeko buru Luis Victor Rodriguezek. Halaber, jasotzen ari diren elkartasuna eskertu zuen Rodriguezek.