Joseba Arlegik Yosemiteko eskaladaren berri emanen du bihar

Guaixe 2011ko otsailaren 18a

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Altsasuko Udalaren laguntzaz antolatuta, otsailaren 19an, hau da, bihar, larunbatarekin, Joseba Arlegik 2008an Yosemiten egindako eskaladari buruzko ikus-entzunezkoa ekarriko du Altsasuko Iortia Kultur Gunera, 19:30etik aurrera. Joseba Arlegi irurtzundarra 2008ko iraila eta lastaila bitartean Iruñeko 5 lagunekin joan zen Estatu Batuetako Yosemiteko parkera, Yosemite Valley famatuan eskalatzeko asmoz. Izugarrizko esperientzia izan omen zen Capitan famatua igotzea eta bertako pareta ikusgarriak igotzea. Eskalatzaile irurtzundarrarendako Yosemiten eskalatzea "beste historia bat" da, kirol eskaladaz kanpo dagoelako. Logistika ongi antolatu beharra zegoen, pareta igoerak oso luzeak baiziren, batzuk bizpahiru egunetakoak. Horregatik motxilan dena eraman beharra zegoen, anklajeak eta kirol materialetik hasita, janaria, lo egiteko hamaka eta beste hamaika gauzetara. Eta material hori guztia gainean izanda, paretan gora egin beharra eta paretan lo egin beharra baita ere. "Hemen egiten dugunarekin alderatuta, beste mundu bat" nabarmendu du irurtzundarrak. Bada, Yosemiteko abentura horretan oinarrituta ikus-entzunezko ederra prestatu du Arlegik, bihar Altsasun erakutsiko duena. Argazki ederrak dira, musikaz lagunduta, eta uneoro azalpenak emanen ditu eskalatzaileak, euren lanaren berri emateaz gain Kaliforniako historia eta bitxikerien berri emanez.