Hartzekodunen konkurtsoa, Arferen bideragarritasuna aztertzeko lehen geldialdia

Guaixe 2011ko otsailaren 17a

Ramon Arzak asteartean aurkeztu zuen merkataritza arloko epaitegian konkurtsoa, bezperan Roig kontseilariari hitza eman ondoren. Epaileak izendatutako hiru administratzailek kudeatuko dute enpresa. Orduan langileak lanera bueltatuko dira.Arfeko langileek "garaipen moraltzat" jo dute Ramon Arzak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztea, "berak ez baitzuen enpresaren kontrola horrela galdu nahi". Hori esan zigun herenegun enpresa batzordeko buru Luis Victor Rodriguezek. Astelehenean, iragarri bezala, Iruñean bildu ziren Arfeko kudeatzaile Ramon Arza, enpresa batzordea (LABek 3 eta bina ELAk UGTk eta CCOOk) eta Imelda Lorea, Nafarroako Gobernuko Lan eta Arriskuen zuzendari nagusia.  Bilera luzeaZazpi orduko bileraren ondoren Arfeko kudeatzailea hartzekodunen konkurtso eskaria aurkeztea konprometitu zen. Roig kontseilariarekin konprometitu zen eta gero langileei jakinarazi zien. Enpresa batzordeak ontzat eman zuen Arza Roigen aurrean konpromiso hori hartzea eta bilera bukatu zen. Gaua ongi sartua zegoen ordurako.  Jose Maria Roig Aldasoro industria kontseilariarekin batera, Foruzaingoaren bi dotazio iritsi ziren, langileek beraiek hala eskatuta, "probokaziotzat" jo baitzuten kudeatzailearen jarrera. Enpresa batzordeko kideek Loreari esana zioten ordurako beraiek ez zirela handik aterako kudeatzaileak asteartean konkurtso legea aurkezteko konpromisoa hartzen ez bazuen.Hitzarmen konkurtsoaRoig kontseilariaren aurrean hartu zuen konpromiso hori Arzak, "aurretik hitzarmen konkurtsoa proposatu zigun, Konkurtso Legeko zatirik bihurriena, Loreak berak ere ezagutzen ez zuena", Luis Victor Rodriguezek azaldu digunez. Arzaren proposamen horrek "hiru hileko luzapena ematen zion, gero hartzekodunen konkurtsoa aurkezteko. Bitartean, berak kudeatuko luke enpresa eta hartzekodunekin zorrak negoziatuko lituzke". Enpresa batzordeak ez zuen egoki jo kudeatzailearen proposamena, "sei hilabete kobratu gabe eman ondoren, beste hiru hilabete egoera berean egotea proposatu zigun, eta gero gerokoak". Langileak garbi zuten enpresaren buru beste kudeatzaile bat jarri nahi zutela, "enpresa bideragarria den edo ez aztertzeko". Horregatik, langileen ordezkariek behin eta berriro eskatu zioten Arzari hartzekodunen konkurtsoa aurkezteko. "Berak nahikoa dokumentaziorik ez zuela eskaerari sarrera emateko argudiatzen zuen. Baina ilbeltzaren 25era arte enpresan sartzen egon da. Gainera, hitzarmen konkurtso eskaera otsailaren 4an aurkeztu zuela esan zigun. Ondoren gurekin eta Lorearekin bildu izan da eta ezer ez zuela esan izan digu bilera horretan. Gezurretan aritu zitzaigula jabetu ginen".Rodriguezek azaldu digunez, behin eta berriro esan zioten hitzarmen konkurtsorako aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela hartzekodunen konkurtsoa eskatzeko. Zalantzak argitzeko bileran eten bat egin zuten. Haren ondoren, Arzak esan zien ez zekiela zenbat denbora beharko zuen dokumentazioa biltzeko eta bilera uzteko asmoa azaldu zuen. Langileek ez zioten utzi, haren konpromiso "irmoa" nahi zutelako. Orduan joan ziren kontseilaria eta Foruzaingoaren bi dotazioak (ez zuten interbenitu).Arzak asteartean konkurtso hitzarmena aurkezteko konpromisoa hartu zuen. Roigek, aldi berean, epaileekin hitz egin eta dokumentazioa onartzeko indarra eginen zuela hitz eman zuen. Langileek, azkenik, kudeatzaileari enpresan sartzen utzi eta beharrezko dokumentazioa hartzen uzteko konpromisoa hartu eta hala bete zuten asteazkenean.Hiru administratzaileAsteartean hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu ondoren, epaileak 8 eta 10 egun artean ditu enpresarako hiru adminitratzaile izendatzeko. Langileak saiatuko dira hiru administratzaileetako bat haiek proposatutako pertsona izatea. Hori gertatzen denen langileak lanera bueltatuko dira. Ordutik aurrera lan egindakoa kobratzeko aukera izanen dute langileek. Hilabete barru izanen litzateke hori.Bestalde, administratzaileek bizpahiru hilabete izanen dituzte enpresa bideragarria den jakiteko. Bitarte horretan, Ramon Arzak zerbait nahiko balu hiru administratzaileen oniritzia beharko luke. Bitartean, langileak greban jarraituko dute. 24 orduak lantegi atean egonen dira zaintza txandak egiten. Azokan kontzentrazioak egiten segituko dute eta ostiralean erabakiko dute kudeatzailearen etxe aurreko eguneroko bilkurekin jarraitzen duten edo ez.Elkartasun funtsaSei hilabete kobratu gabe eman ondoren langile batzuen eta haien familien ekonomia egoera oso larria da. Horren jakitun da enpresa batzordea eta horregatik kontu korronte bat zabaltzea erabaki du. Nafarroako Kutxan zabaldu da kontua eta 2054 00 10 113916112746 67 zenbakia du. Enpresa batzordetik azaldu digutenez, "premia duten langileek jasoko dute dirua hortik. Behin kobratzen dugunean dirua jaso duten langileek hura bueltatu beharko dute. Beraz, gatazka bukatzen denean kontu korrontean dagoen dirua hasierako bera izanen da". Rodriguezek azaldu digunez, "zoritxarrez beste enpresaren batean lan gatazkaren bat sortuko balitz eta antzeko egoera biziko balute, elkartasun funtseko dirua langile haiei emanen genieke".Mila pertsona manifestazioanArfeko langileei elkartasuna adierazteko aurreko ostiralean manifestazio jendetsua egin zen Altsasun. Kaltetutako langileen senitarteko eta lagunek eta Abian plataformak deitu zuten manifestazioa eta 1.000 pertsona inguruk eman zioten babesa. Nafar Gobernua eta patronala errudunak. Sakanan bizi eta lan zihoen pankartak. Antolatzaileek Arfeko 157 langileek sufritzen zuten egoera salatu  nahi izan zuten eta, horretaz gain, "Nafarroako Gobernuaren utzikeria" salatu nahi izan zuten.