Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mahatma Ganhiren erailketaren urteurrenaren inguruan (ilbeltzak 30), mundu guztiko ikastetxeetan DENIP astea ospatu zen. Hau da, indarkeria eza eta bakearen eskola eguna. Nazioarteko ekimen horrekin bat egin zuen Sagrado Corazon ikastetxe altsasuarrak ilbeltzaren 31tik otsailaren 4ra bitartean. Aste horretan ikastetxean egin zen goizeko hausnarketan, gonbite bat egin zitzaion eskola-komunitate guztiari: jadanik zuregan dagoen bakea, bihotzean, aurkitu ezazu.Horrekin batera, otsailaren 3an, Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak, irakasle eta gurasoez lagunduta, Altsasuko azokan egon ziren. Kultur gune ondoan jarritako postutik pasatzen ziren guztiei haien bizitzetan bakea opatzeko desiratzen zieten. Horrekin batera, Corazonista Fundazioa aurkeztu zuten. Erakunde horrek lurralde behartsuetan hezkuntza proiektuak aurrera eramaten ditu.Indarkeria ezari eta bakeari eskainitako astea despeditzeko, otsailaren 4an bilkura berezia izan zen Sagrado Corazon ikastetxean. Ikasgela bakoitzak, baita irakasleek ere, hartu zituzten konpromisoak jakinarazi zituzten. Denak ere mundu guztira askatasuna, gizarte-justizia eta giza eskubideak zabaltzeko itxaropena azaldu zuten. DENIPIndarkeria eza eta bakearen eskola eguna 1964. urtetik ospatzen da. Harekin bat egiten dute nazioarteko makina bat ikastetxek. Egun horren bidez "adostasun, tolerantzia, elkartasuna, giza eskubideen errespetua, indarkeria eza eta bakearen alde eta aldeko etengabeko hezkuntza" sustatzen da. Egun horren oinarrizko mezua da: "maitasun unibertsala, indarkeria eza eta bakea. Maitasun unibertsala egoismoa baino hobea da, indarkeria eza indarkeria baino hobea da eta bakea gerra baino hobea da".