Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Honoris Causa Doktore izendatu du Agustin Gonzalez Acilu konpositorea. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak erabaki hori hartu du altsasuarrak "arteen arloan meritu nabarmenak izateagatik". Erabakia aho batez hartu zen, Julio Lafuente Lopez Unibertsitateko errektoreak proposatuta. Altsasuarra Nafarroako Unibertsitate Publikoko bederatzigarren Honoris Causa doktorea izanen da, besteak beste, Rafael Moneo, Pedro Migel Etxenike eta Montxo Armendarizen ondoren.Inbestitzeko ekitaldia heldu den apirilaren 8an egingo da Unibertsitatearen Egunaren ospakizunean.Musikari berritzaileaAgustin Gonzalez Acilu XX. mendeko musikari berritzaile garrantzitsuenetakotzat jotzen dute. Altsasuarraren Asschermittwoch, Canto de las Lesbianas edo Arrano Beltza bezalako obrak 51ko belaunaldiaren esperimentu azpimarragarrienetakoak dira. 51ko belaunaldiko konpositoreak erabakigarriak izan ziren garai hartako musika Europako konposizio estetiketan sartzeko.Soinu-errealitate berrien bilaketak markatu du Gonzalez Aciluren ibilbide musikala. Bere obretan hari fin batek uztartzen ditu musika tonal eta atonala. Altsasuarrak musika garaikideko soinu objektiboekin eta elementu kulturalaren subjektibotasunarekin jolas egin du. Aipagarriak dira bere ikerketa linguistikoak: Gonzalez Aciluk inork ez bezala aztertu du hizkuntza eta musika uztartzeko modua. Musikari altsasuarraren lan pedagogikoa ere azpimarragarria da. Haren gidaritzapean sortu zen Iruñeko Taldea izenak biltzen zituen musikagileak. Madrileko Goi Mailako Kontserbatorioko irakasle ere izan da.IbilbideaGonzalez Acilu Altsasun jaio zen 1929an. Bertan hasi zituen musika ikasketak Luis Tabernarekin batera. Laster Iruñera joan zen eta han Fernando Remacha konpositoreak, orduan Pablo Sarasate kontserbatorioko zuzendaria zenak, altsasuarraren ahalmen sortzailea ikusi zuen eta laguntza eskaini zion. Madrileko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan amaitu zituen ikasketak. 60ko hamarkadan iritsi zitzaizkion aukera nagusiak: San Fernandoko Arte Ederren Akademiak emandako Carmen del Rio beka lortu zuen. Urte berean Fernando Remacharen babesarekin Nafarroako Viana Printzea Instituzioaren beka jaso zuen. Hari esker, Parisen jarraitu zituen ikasketak. Ondotik, beka berriek Venezia eta Erromara eraman zuten altsasuarra. Bere musika prestakuntza Erroman, Venezian (Italia) eta Darmstadten (Alemania) egindako konposizio ikastaroekin osatu zuen.Ibilbide luze honetan asko dira altsasuarrak jaso dituen sariak: Samuel Ross saria jaso zuen 1962an. Bitan jaso du Sari Nazionala: 1971n, Oratorio Panlingüístico obragatik eta 1998an bere ibilbideagatik. 2009an Madrileko Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren Urrezko Domina eta Nafarroako Viana Printzea Saria, Nafarroako kultura sari nagusia, jaso zituen.