Hizkuntza-politikan "ez-nahiko" eman dio Kontseiluak udalari

Guaixe 2011ko otsailaren 24a

Puntu erdia hobetu du nota, baina rankinean zortzi postu galdu ditu Altsasuko UdalakEuskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2006an egin bezala, iaz ere Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza-politikak aztertu zituen. Herritarrengandik gertuen dauden administrazioek euskararen inguruan duten politika berrikusi dute. Emaitzak aurreko ostegunean eman zituen ezagutzera Kontseiluak. Erakundeko idazkari nagusi Paul Bilbaok "normalizaziorako hizkuntza-politika eraldatzaileak ezinbestekoak direla" azpimarratu zuen. Bilbaok nabarmendu zuenez, "ezagutza tasaren araberako hizkuntza-politikak artikulatzen dira nagusiki Euskal Herrian". Bilbaoren iritziz, "horrek herri mailan normalizazioa lortzeko ezinbestekoa den udal mailako hizkuntza-politika egokiari oztopoak jartzen dizkio".Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu zuen hizkuntza-politikak berez progresiboak direla, baina horiek ebaluatzeko helburu eta epe zehatzak definitu beharra dagoela nabarmendu zuen. Kontseiluak salatu du aurrerapausoren bat egon bada ere, ez dela sistematikoa izan, eta gaineratu du, horregatik, "kasu gehienetan lau urte galdu direla". Nola aztertu da?Udalen hizkuntza-politika aztertzerakoan kontuan izaten dituzte udalek hartutako erabakiak, bideratzen dituen baliabideak eta horien emaitzak aztertzeaz gain, herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzeko eta langileek euskaraz lan egiteko eskubideen bermea zein neurritaraino dagoen eta nola gauzatzen den neurtu du. Bilbaok azaldu zuenez, emaitzak udalen esku utziko dira. Egindako neurketan "udaletan hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko gakoak izanen dituzte. Aitzakiarik ez, beraz, euskaldunon eskubideen bermeari eta gure hizkuntzaren normalizazioari ekin nahi bazaio". Azterketa herritarrendako ere tresna egokia izanen dela ziurtatu zuen Bilbaok. Ziurtatu zuenez, "herritarrok ere eragile bihurtu behar dugu tokiko administrazioetan hizkuntza-politika aldarazteko".Altsasuko UdalaRankinean 31. postuan dago Altsasuko Udala, 5,0147 notarekin. Udalaren hizkuntza-politikari "ez nahiko" kalifikazioa eman dio Kontseiluak. 2006an, 24. postuan zegoen, 4,59 notarekin. Bai orduan, bai orain, Nafarroako bigarren udala da Altsasu, Lesakaren atzetik. Kontseiluak jakinarazi du Altsasun bertan aurkeztuko dituela azterketaren emaitzak.