Zelandin euskaraz!

Guaixe 2011ko otsailaren 24a

Zelandi eskola publikoko guraso elkartean zenbait euskaldun sartu berri dira. Horiek gurasoen artean euskararen gaia mugitzeko premia ikusi zuten. Horrela sortu da eta martxan jarri da Zelandin euskaraz egitasmoa. Zelandiko guraso elkarteko kide da Edurne Ruiz. Berak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, irakasleek bost urteko plangintza dute, eta hori garatzen ari dira ikastetxean haurrekin. "Ongi ari dira. Baina gurasoen aldetik pixka bat gehiago behar zela ikusten genuen, eta horregatik gurasoei zuzendutako egitasmoa prestatu dugu". Ruizek Sakanako irrati euskaldunean adierazi duenez, "umeen artean euskararen gaia lantzen zen, baina gurasoen artean landuz eragin handiagoa lortu dezakegu". Izan ere, guraso elkarteko kide horren ustez "gurasoen jarrera aldatzen bada eta egunerokotasunean haiek ere euskararen aldeko indarra egiten badute, haurrak eskolara beste modu batera joaten dira, eta euskaren aldeko zerak beste modu batean hartzen ditu". EgitasmoaRuizek Beleixe Irratian adierazi zuenez, gurasoek oso harrera ona egin diote ekimenari. Horren adibide dira Iñaki Eizmendi gizarte hezitzaileak emandako hitzaldiak sortutako jakin-mina, eta bildu zuen jendetza. Eizmendik guraso erdaldunei azaldu zien euren seme-alabei nola lagundu diezaieketen. "Oso interesgarria izan zen. Gurasoen jarrera oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen". Bestelako ekintzak ere prestatu ditu Zelandi eskolako guraso elkarteak. Horien artean dago aurki hastekoa den gurasoendako oinarrizko euskara ikastaroa. AEKrekin batera antolatu dute ikastaroa. Bi asteko iraupena izanen du, eta "esaldi erabilienak ikasteko bidea emanen die". Horrekin batera, gurasoen jarrera pixka bat aldatzeko, haurren bidez hilero esku-orri bat bidaltzen diete gurasoei. Esku-orri horietan "aholkuez aparte, hiztegitxo bat dago. Aurrenekoak agurrak euskaraz esateko modua azaltzen zuen, eta eguberrietan etxean praktikatzeko proposatu genien. Gero, irakasleekin batera, haurrek etxean horiek erabiltzen dituzten edo ez komentatu behar dute". Ruizek Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, agurren ondoren, koloreak, aginduak, zenbakiak, asteko egunak eta orduak jasotzen dituzten hiztegitxoak banatuko dituzte. Aurrera begira, Korrikaren inguruan lanketa berezia eginen dute Zelandiko guraso-elkarteko kideek. Bestelako egitasmoak ere badituzte. Esaterako, landareena. Etxean astean zehar euskara erabili bada landarea ureztatuko dute, bestela ez. Euskararen inguruko maskota bat sortzeko asmoa dute eta, horrekin batera, mintza-tratua sustatzeko asmoa azaldu dute. Horren bidez, "pertsona bakoitzak herriko beste pertsona batekin euskaraz hitz egiteko tratua sinatzen du. Harremanak euskaratzeko bide bat da". Ruizek azaldu duenez, egitasmoaren berri irakasle-klaustroari eman dio Guraso elkarteak. Eskola aurrera eramaten ari den egitasmoaren osagarri dela aipatu du.