Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean egindako agerraldi jendetsuan salatu zuten eredu neoliberalaren krisiak arrasto sakona utzi duela Altsasun. "Erasoak etengabeak dira, bai herriko industrian baita eskubide sozialen murrizketan ere" Horren guztiaren aurrean ezker abertzaleak azaldu zuenez, "bada garaia burua jaso eta instituzioek, patronalak, banketxeek zein sistema neoliberalaren bestelako oinarriek gidatutako sarraskiari aurre egiteko".Ezker abertzaleak udal politika egiteko moldeak aldatzea eta gardentasuna eta herritarron parte-hartzea bermatuko dituzten egiturak sortzea ezinbestekotzat jo du. Haren ustez "soilik herritarra eta sakona den aldaketak atera gaitzake gaurko egoeratik". Aldaketa horien motore herritarrak izatea proposatu du ezker abertzaleak. Egoera ekonomikoaz gain, "gatazka politikoa betiko gainditzeko, aldaketa politiko eta sozialaren eta gizarte ongizatearen alde" agertu da. Hori guztia bideratzeko, udal hauteskundeetarako prestatuko duen herri programan herritarren ahotsa jaso nahi du. Horregatik hura osatzeko baliabide parte-hartzaileak bulkatuko ditu. Horretarako etxez etxe inkesta bat banatuko du aurki eta haiek jasotzeko Altsasun barna hainbat postontzi jarriko ditu. Ekarpenak ere www.herriprograma2011.net/altsasu web orriaren bidez edo Twiterren zabaldutako profilaren bidez ere.