Txerrikiari gorazarre egiteko

Guaixe 2011ko otsailaren 25a

Iaz bezala, aurten ere Extremadurako erara txerria hil eta ondorengo zatikatzea irudikatuko dute La Encina elkartean. Animalia hilik ekarriko dute eta ondoren laban zorrotzek eta esku abilek hura zatikatuko dute. Lanak saria merezi duenez, goizean zehar sukaldea martxan egonen da eta txerriaren zati batzuek sutan bukatuko dute, bildutakoek dasta ditzaten. Guztia behar bezala prestatzeko 9:00etan bilduko dira elkartean bertan, artzain-apurrak prestatuko dituzte gosaltzeko. Animalia zatitu eta dastatu ondoren, mahaira eseriko dira bildutako guztiak. Txerri-hilketetan ohikoa zen bazkaria dastatuko dute: txitxirioak aza eta txerrikiz lagunduta. Etxean egindako Extremadurako gozoekin gozatuko dute ahoa. La Encina elkarteak jakinarazi duenez, bazkideei eta bazkide ez direnei dago zabalik ospakizuna. Lehenek 8 euro ordaindu beharko dituzte, 12 bigarrenek.