Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arfeko langileek greban jarraitzen dute. Lantegiko atean zaintza egiten jarraitzen dute txandaka, baina gainontzeko mobilizazioak bertan behera utzi dituzte. Luis Victor Rodriguez, enpresa batzordeko buruak azaldu digunez, Arfeko langileak epaileak administratzaileak izendatzeko zain daude. "Heldu den aste erdialdean edo akaberan izanen dela espero dugu". Rodriguezek azaldu digunez, langileen ordezkariak epailearekin bildu dira eta administratzaileetako bat haien konfiantzazko pertsona bat izatea eskatu diote, "gu baikara hartzekodun handiena, gurekin duelako zorrik handiena". Langileen ordezkariak azaldu digunez Arfeko kudeatzaileari beharrezko dokumentazioa epaitegian aurkezteko epea luzatu egin diote, astelehenera arte. "Falta den dokumentazio hori aurkeztu ahal izateko bulegoetako langile batzuk lantegira sartu dira. Enpresa batzordeko kideak ere gainean gaude, "badaezpada, kudeatzaileak ezer suntsitu ez dezan". BueltaEpaileak administratzaileak izendatu bezain laster enpresa batzordeak langileei lanera bueltatzea proposatuko die. Orduan, ekoiztutakoa saldu ahala kobratzeko aukera izanen dute langileek. "Martxo akabera edo apirila hasiera izan daiteke kobratzen hasten garenerako. Zenbat eta gehiago atzeratu administratzaileen izendapena, gero eta beranduago kobratuko dugu". Elkartasun funtsaArfeko langileek ia abuztutik ez dute kobratu. Azken diru sarrera abenduaren 2an jaso zituzten 700 euroak dira. Diru hori urriko nominaren erdia zen. Orduz geroztik langileen ekonomiak okerrera egin du. Horregatik enpresa batzordeak kontu korronte bat zabaldu du Nafarroako Kutxan (2054 00 10 1391612746 67, Arfe solución ya). Rodriguezek azaldu digunez, jendeak ekarpenak egin ditu eta esker ona azaldu dute Arfeko langileek. Funtsean bildutako dirua eskatu duten langile batzuei dagoeneko eman diete, "baina ez da denendako iristen". Enpresa batzordetik azaldu digutenez, "kobratzen dugunean dirua jaso duten langileek hura bueltatu beharko dute. Beraz, gatazka bukatzen denean kontu korrontean dagoen dirua hasierako bera izanen da". Rodriguezek azaldu digunez, "zoritxarrez beste enpresaren batean lan gatazkaren bat sortuko balitz eta antzeko egoera biziko balute, elkartasun funtseko dirua langile haiei emanen genieke".