Soka dantza argazkitan

Guaixe 2011ko martxoaren 2a

Iñaki San Martin argazkilariak soka dantzaren erritmoz, mugimendu eta kolorez bete du Altsasuko Iortia kultur guneko erakusketa-gela. Soka-dantza herriko ohitura eta folklorearen adibide da. Horregatik, eta dantzaren mugimendu, kolore eta detaileek ematen duten aukerengatik, hari buruzko argazki erreportajea egin du Elgoibarko argazkilariak. Apur batean soka dantza argazki erakusketa hutsa baino gehiago da. Iñaki San Martinek dantza herrikoiaren detaileei erreparatu die eta, haiekin jolasean, argazkiak margolanen mugaraino eraman ditu. Erakusketa hiru hitzetan laburtu daiteke: sormena, elementuak eta kultura. Sormena Argazki-erreportaje bat egiteko orduan gaia aukeratzea da lehen pausoa, eta Iñaki San Martini gehien kostatu zitzaiona. Abuztuaren 24 batean, San Bartolome egunean kalera atera eta herriko plazan topatu zuen erantzuna: soka dantza izanen zuen aztergai. Ideia buruan zuela, hura gauzatzeko garaia zen. Bi urteetan argazkiak atera eta atera aritu da eta ondoren zirriborroak, kolore probak eta abar etorri dira. Elgoibarko artistak argazki makina xumeak nahiz azken belaunaldiko teknika digital sofistikatuenak erabili ditu. Zenbait estilo erabili ditu: errealismoa, surrealismoa, abstrakzioa, txuri-beltza, kolorea, lientzoa eta abar. Haien bidez, dantza, argazkilaritza eta pintura uztartu ditu.ElementuakElgoibarko argazkiak zenbait elementu aurkitu ditu soka dantzan: ehunak, koloreak, pintzelak, kamerak, oihalak eta abar. Dantzaldiko plano orokor eta errealistetatik hasi eta detaile txikieneraino joan da: poxpolina, urratsa, zapia, txapela edo errespetu keinura. Elementu horien bidez ikuslearekin hartu-emanean jarriko da. KulturaIñaki San Martinek kultura ezagutza, ikasketa eta bizitza eskarmentu gisa definitzen du. Alde horretatik, oinarri sendoa du Elgoibarko argazkilariak. Gipuzkoarrak argazkilaritza eta zinematografia ikasketak egin ditu Donostian eta Italian. Euskal Herriko zenbait film ezagunetan lan egin du (La fuga de Segovia, La conquista de Albania...), baita Italiako film eta bideoklip batzuetan ere. 80ko hamarkadan zenbait filmetan lan egin du Teo Escamillaren lan taldean (Tata mía, Mi general, El Dorado). 1989an Soarte argazki estudioa ireki zuen Elgoibarren.Apur batean soka dantza du bigarren erakusketa Carnaval de Venecia (1984) erakusketaren ondoren.Soka dantzaEuskal Herrian oso hedatua dago soka dantza. Elgoibarren abuztuaren 24an, San Bartolome egunean dantzatzen da. Sakanako Dantzaki edo Zortzikoen antzera, dantzariek elkarri eskuak emanda osatutako katean egiten dute dantza, sokaren muturreko dantzariek gidatuta. "Euskal Herriko folklorea oso aberatsa eta koloretsua da" dio Iñaki San Martinek. "Gure erroak mantentzen lan itzela egin dute askok. Bihoakie nire esker ona guztiei". Aipamen berezia egin die erakusketan ageri den Haritz euskal dantzari taldeari. ErakusketaIñaki San Martinek Apur batean soka dantza erakusketan bildu du 40 bat argazki. Aniztasuna handia da: batzuetan plano orokor eta jendetsuak ageri dira, besteetan detaileak azpimarratu ditu eta zenbaitetan argazkiekin jolas egin du margolanen mugaraino eramanez.OrdutegiaMartxoaren 25era arte, astelehenetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara, eta igandean 19:00etatik 21:00etara, Altsasuko Iortia kultur gunean.