Dora Salazar Donibane Garazin

Guaixe 2011ko martxoaren 7a

Itzal Aktiboa elkarteak emakumeen arte erakusketa antolatu du Donibane Garazin (Behe Nafarroa). Erakusketaren bosgarren edizioa da. Parte hartzaileen artean dago Dora Salazar altsasuarra. Celia Eslava eta Oaia Peruarena nafarrek eta Patrycian eta Josette Dacosta behe nafarrek ere parte hartu dute. Erakusketan bat egin dute pinturak, eskulturak eta instalazioek. Dora Salazar, Patricyan eta Celia Eslava eskultoreek bizitzari eta emazteen eguneroko kezkei lotutako instalazioak sortzen dituzte. Hiruek oihalaren artea ikertzen dute, emakumeen sorkuntzarekin lotura estua izan baitu. Oaia Peruarena eta Josette Dacosta margolariek, berriz, koloreak eta argia erabiltzen dituzte paisaia ederrak sortzeko.Arte erakusketak Emakumearen Nazioarteko egunean, martxoaren 8an irekiko ditu ateak, eta ikusgai egonen da apirilaren 9ra arte, Donibane Garaziko udaletxean.Itzal aktiboa elkarteak arte garaikidea bultzatzen du. Sormen artistikoa haurrengana gerturatzeko ahalegin berezia egiten du. Helburu horrekin hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatu ditu.