Karakorumeko espedizioa ekarriko du Maider Frailek bihar Altsasura

Guaixe 2011ko martxoaren 3a

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatuta, bihar, martxoaren 5ean, larunbatarekin, Maider Fraile mendizale nafarrak hitzaldi-proiekzioa eskainiko du Altsasuko Iortia kultur gunean, 19:30ean. Maialen Ojerrekin batera Espainiako Emakumeen Alpinismo Taldeko kidea da Maider Fraile, eta Karakorum-Emakumea espedizioa, kirola eta integrazioa izeneko proiektuan parte hartu zuten aurreko urteko udan, Al Filo de lo Imposible programaren barruan. Egindako espedizio horrengatik ilbeltzaren 21ean burututako Nafarroako Mendizaletasunaren Galan ohorezko saria jaso zuten bi mendizale nafarrek. Bada, Karakorumeko esperientzia eder horren berri emanen du Maider Frailek bihar Altsasun.  Espainiako Emakumeen Alpinismo Taldeko zuzendaria Simon Elias da. Eta lau mendizalek osatzen dute aipatu taldea: Miriam Marco, Maria Asuncion Yanguas eta Maialen Ojer Tsakiridu eta Maider Fraile Arce iruindarrak. Maialen Ojerrek 15 urte daramatza eskalatzen eta esperientzia handia du Alpeetan eta Andeetan. Eta Maider Fraile duela 7 urte hasi zen eskalatzen, bereziki Pirinioetako pareta zailetan. Alpinismo taldearen helburua estatuko emakume alpinista onenak biltzea da, eta goi mailako aktibitateak egin ahal izatea erraztea da, euren lana ezagutaraztea eta hiru urtez materiala eta aurrekontua erraztea. Taldea FEDMEk (Federacion Española de Deportes y Escalada) eta Kirolen Kontseilu Gorenak babesten dute. Karakorumen egindako lanaUdan Karakorumen (Pakistan) espedizio berezia egin zuten: Karakorumeko Sebas Tower igo zuten. Nazioarteko erregistroetan orain arte ez dago Sebas Tower izeneko orratz horren igoeraren berririk. Eta, horretaz gain, aklimatazio garaian Baush-ul Peak gainera heldu ziren eta Hushén zuten asentamendu basetik gertu zegoen arroka orratz bat ere eskalatu zuten, biak ere birjinak. Hortaz, lan ederra egin dute Espainiako Emakumeen Alpinismo Taldekoak: hiru gain birjin egitea. Zailtasun metereologiko asko izan zituztela kontuan hartuta, meritu handiko lorpena da. Al filo de lo Imposible programako kideek haien lana grabatu zuten, eta dokumental bat egingo dute. Espedizioaz gain, Karakorumen oinetan dagoen Hushé herrixkan Sarabastall GKEarekin kolaboratu zuten, emakumeen integraziorako proiektu batean.