Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udalak aurreko ostegunean egindako bilkuran, aho batez, Hezkuntza Departamentuari bi eskaera egitea eskatu zuen. Alde batetik, Altsasuko Lanbide Heziketa institutuko gaur egungo eskaintza euskaraz egiteko aukera izatea. Eta, bestetik, "ikastetxearen ikasketa eskaintzaren errebisio sakona egitea eta Nafarroan berritzailea den eskaintzaren bat jartzea". Ikastetxearen azpiegiturak baliatzeko ostalaritza edo turismoarekin lotutako ikasketak izatea proposatu du udalak. Altsasuko Udaleko ekonomia garapenerako batzordeak proposatuta onartu zen mozioa. Idatzi horretan Altsasuko Udalak Sakanako Prestakuntza Batzordearen kezka jaso du. Erakundeak, eragileak eta ikastetxeak biltzen dituen batzorde hori otsailaren 9an bildu zen. Lanbide Heziketa institutuaren ikasturte honetako matrikulazio datuak, ikasturte berrirako aurreikuspenak eta hura sustatzeko ekimen posibleak aztertu zituzten. GarrantziaLanbide Heziketa institutuko zuzendari Iñaki Urbitartek azaldu digunez mozioak ikastetxean dagoen kezka jasotzen du. Altsasuko Lanbide Heziketa institutuak ikasturte hasieran eskaintzen zituen bi kurtso bertan behera utzi behar izan zituen nahikoa ikaslek izena eman ez zutelako. Bata, DBH gainditu ez duten ikasleei zuzendutako hasierako prestakuntza profesionaleko programa zen. Bestea, berriz, gradu erdiko mekanizatuko ikasketak. Urbitartek azaldu digunez, "heldu den ikasturtean gauza bera ez errepikatzeko komenigarria da martxoaren 15era arte zabalik dagoen aurrematrikulazio garaian izena ematea. Bestela, gerta daiteke departamentuak nahikoa jende interesatu ez ikustea eta ekainean matrikulazio kanpainarik ez egitea". Beraz, Urbitarte zuzendariak egun hauetan izena ematearen garrantzia azpimarratu digu, eta pauso hori ematera gonbidatu ditu gazteak eta langabetuak. Altsasuko Lanbide Heziketako institutuan gaur egun DBH gainditu ez duten ikasleendako eskaintzaz gain, gradu erdiko soldadura eta galdaragintza, mekanizatu eta mantenu ikasketak egin daitezke. Baita, mantenuko goi gradua ere.