Dolu egunak

Guaixe 2011ko martxoaren 21a

Gaur, 17:00etan, betiko despeditu dituzte G.G.G. eta N.G.A., 16 eta 17 urteetako nesaki altsasuarrak, Altsasuko Jasokundearen elizan. Biak ere, larunbatean hil ziren trenak harrapatuta. Nesakiek gurasoak eta anai txikiak utzi dituzte. GertaeraEzbeharra Altsasu eta Olazti arteko trenbidean gertatu zen, 532,9 km-an, porlandegiaren parean, 23:10 aldera. Hildako nesakiak eta haien lagun batzuk, 10 guztira, Olatzagutiko ihote ospakizunetara zihoazen. Horretarako trenbide bazterreko bidea hartu zuten, laburbidea baita. Bide hori erabiltzen duten pertsonek normalean porlandegira daraman zubiaren aurretik trenbidea zeharkatzen dute, zubira igo eta gero Vista Alegre jatetxera jotzeko. Handik, errepidez, Olaztira joaten dira. Lagun taldeak, ordea, aurrera egin zuen, bi taldetan banatuta. Bat-batean Irun eta Miranda de Ebro arteko bidea egiten zuen merkantzia trenak trenbidetik joaten ziren bi nesakiak harrapatu zituen eta han bertan hil ziren. Trenbideko harri gainetik joaten ziren bi lagunak onik atera ziren. Treneko makinistak 70 metro aurrerago gelditu zuen makina, baina ez zekien bi pertsona harrapatu zituenik. Ezbeharraren tokira Altsasuko osasun etxeko profesionalak, Foruzaingoa eta Guardia Civila joan ziren. Azken horien gain dago ikerketa. Ziurrenik bertan dagoen porlandegiak sortzen duen zaratak eta A-1 autobiako argiztatzeak ez zien gazteei trena zetorrela ohartzeko aukerarik eman.Bide oso erabiliaMakina bat altsasuarrek eta olaztiarrek erabiltzen dute trenbide bazterreko bidea bi herrien arteko joan etorriak egiteko. 1,1 km inguruko luzera du. Bere zabalerak hiru pertsona lerroan joateko aukera ematen du. Errepidetik joanda km bat gehiago egin behar da.