Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Labetik atera berri da Zeluloidezko begiradak liburua (Elkar, 2011). Mikel Garcia irundarrak Tene beka irabazi du aipatu lanari esker. Ez da lehenengo saria kazetari gaztearendako. Oraingoan, Euskal Herriko 13 zine zuzendariren erreportajeak eman dio saria. 12 gizonekin batera, emakume bakarra ageri da: Helena Taberna altsasuarra. Altsasuko zinemagileak bere ibilbidea errepasatzen du, haurra zela herriko lagunekin zituen jolasetatik hasi, eta zinemarekiko apustua egin eta ametsa egia bihurtu den arte. "Dena esan dezake zinemak, osotasun handiena du artistikoki eta komunikazio modu onena da, erritmoarekin, hitzekin, argi eta itzalekin... leku batetik bestera eramaten zaituelako, berak nahi duen bidea jarraituz". Aipu horrekin hasten da liburua, irudien bidez istorio zirraragarriak sortzeko gai direnei hitza emanez. Bederatzi kapitulutan 13 zuzendariren begirada aztertzen du: Fernando Larruquert, Nestor Basterretxea, Antxon Ezeiza, Helena Taberna, Imanol Uribe, Juanba Berastegi, Julio Medem, Montxo Armendariz, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga.