Mikel Zabalzak Broad Peak-eko proiekzioa ekarriko du Altsasura

Guaixe 2011ko martxoaren 31

Mikel Zabalza alpinista ezaguna apirilaren 9an, hau da, hurrengo larunbatean, Altsasun izanen da, Broad Peak-ari buruzko proiekzioa aurkezten. Jakina denez, Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalza mendizale euskaldunek Broad Peak-eko trilogia osatu zuten iaz, hau da, bertako hiru gailurretara igo ziren: iparraldekora (7.550 m), erdikora (8.013 m) eta nagusira (8.047 m). Hirurak estilo alpinoan egin zituzten, eta, gainera, bide berri bat zabaldu zuten. Oso igoera konplikatua izan zen. Himalayan historia egitea lortu dute hiru mendizaleek. Espedizio hori ekarriko du Zabalzak Iortia kultur gunera apirilaren 9an. Proiekzioa Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatu du eta sarrera 3 eurokoa izango da.