Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi zirkuitutarako baliagarria da: Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuiturako eta Euskal Herriko Mendi Ibilbideen ZirkuiturakoAltsasuko Hiru Mendi Zerrak ibilbidea Nafarroako Ibilaldi Luzeen Zirkuituko hirugarren ibilbidea izanen da. Larunbatean izanen da, eta izena emana duten mendizaleak goizeko 7:00etan abiatuko dira Foruen Plazako Gure Etxeatik. Altsasuko Mendigoizaleak taldeak 2008an antolatu zuen lehen aldiz iraupen luzeko mendi ibilaldia. Urtez urte arrakasta itzela lortu du: 240 mendizalek parte hartu zuen lehen urtean, 380 lagunek bigarrenean eta iaz 626 mendizalek gozatu zuen ibilbideaz. Aurten, eguraldia lagun, kopuru ederra espero da eta antolakuntzak 600 parte-hartzailerendako azpiegitura prestatuko du. Altsasukoa ibilbide ez lehiakorra da. Helburua mendizaletasuna piztea eta Altsasu ingurua ezagutaraztea da. Ibilbideak Altsasu inguruko bazter eder eta anitzak ezagutzeko parada eskaintzen du: Urbasako malkor misteriotsuak, Bargagaingo Sakanako panoramika ederra, Altzaniako pagadi ilunak, Balankalekuko ikuspegi politak, Aralarko trikuharriak eta Sarabe eta San Pedroko paisaia lasaigarriak.Bi ibilbideMendizaleek bi ibilbideren artean hautatzeko aukera izanen dute: ibilbide handia, 52 kilometrokoa eta 2.300 metrotako desnibel metatua duena; eta ibilbide txikia, 26 kilometrokoa eta 900 metrotako desnibelekoa. Bigarren aukera honi esker, ibilaldi luzea egiteko gaitasuna edo denbora ez dutenek ere Altsasu ingurua ezagutzeko parada izanen dute. Nolanahi ere ibilbide laburrak gutxi gora behera 7-8 orduko lana eskatzen du, eta beraz, prestatua egon behar da bide hori egiteko. Martxa handiaren estimazioa 11 ordutik gorakoa da.Bi ibilbideak Altsasuko Gure Etxean hasi eta Urdiainera joko dute. Urdiaindik Urbasa-Andiako parke naturalera igoko dira, Portuazpitik, eta aipatu parke naturala zeharkatuko dute, Bargagain eta Gainsolera helduz. Bertatik Ziordia herriraino jaitsiko dira. Ibilbide motza aukeratzen dutenak partzelarietatik barna Altsasura ailegatuko dira, eta, aldiz, ibilbide luzea hautatzen dutenek Kipular igo eta Alzaniako mendizerrara ailegatuko dira. Orobe gainditu eta gero Sorozarreta jaitsi eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igoko dituzte. Handik jaitsierari ekingo diote eta Sarabetik eta San Pedrotik barna Altsasuko Gure Etxeara helduko dira.Zerbitzu guztiakIbilbide Handia osatu behar dutenak bihar, larunbatean, goizeko 7:00etan aterako dira Gure Etxea eraikinetik. Antolakuntza 6:30ean hasiko da dortsalak banatzen. Aldiz, Ibilbide Txikia egin behar dutenak 8:00etan abiatuko dira eta dortsalak 7:30etatik aurrera jasoko dituzte, Gure Etxean. Aurten, berrikuntza moduan, ibilbidea hasi baino lehen Gure Etxeatik gertu dagoen Zubeztia elkartean kafe beroa hartzeko aukera izango dute mendizaleek, Altsasuko Mendigoizaleak klubak eskainita.Antolakuntzak, zer gerta ere, federatuta egoteko gomendioa egin die mendizaleei. Ibilbidean barna lau kontrol eta jaki eta edari hornidura gune izango dira, Urbasan, Ziordia herrian, Sorozarretan eta Saraben. Aurten Intxusburun ur hornidura jarriko dute, aurreko edizioetan bertara egarriz iristen baitziren mendizaleak. Beste zenbait puntutan ere (Urdiainen, Portuazpin, Bargagainen, Gainsolon, Kipularren, Balankalekun eta Intxusburun) laguntza izanen dute mendizaleek. Zer jan eta zer edan ez da faltako. DYAk ere probaren jarraipena eginen du. Ibilbide hauek ez dira lehiatzekoak, eta hortaz, antolakuntzak ez du sailkapen ofizialik banatuko, baina mendizaleek nahi izanez gero kontroletan hartutako denbora erreferentziak jasotzeko aukera izango dute, informazio moduan.Izena emateaErredakzioa itxi zenean 330 lagun zeuden inskribatuta. Internet bidez - www.altsasukomendigoizaleak.com - izena emateko epea martxoaren 30ean despeditu zen, 13 euroren truke. Egunean bertan eman daiteke izena, bihar, apirilaren 2an, proba hasi baino lehen, Gure Etxean. Kasu honetan 15 euro ordaindu beharko dira.50 pertsona laneanGuztia prestatzeko Altsasuko Mendigoizaleak klubeko kideak eta boluntarioak ariko dira lanean, 50 pertsona inguru. Lehenik eta behin ibilbidea markatuko dute - Berria egunkariko zinta txuriarekin markatu da - eta bukaeran guztia bildu eta txoko guztiak garbi-garbi utziko dituzte. Jakina, hornidura eta kontrol guneetan eta irteera eta helmugan egin beharreko lana ere handia izango da. Guztiek eguna ongi ateratzea espero dute. Eguraldi iragarpenak onak direnez, ongi pasatzeko eta disfrutatzeko deia egin diete mendizaleei, eta ibilbidea ahalik eta gehien zaintzeko deia luzatu diete.Proba hau antolatzeko klubak eta bertako kideek egiten duten esfortzua handia da. Ibilbideak 11.300 euro pasako aurrekontua du, eta euren laguntza eman duten babesle eta laguntzaileei eskerrak eman nahi dizkiete.