Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txuspo Poyoren azken erakusketa, U.N.(iverse), Katalunian da. apirilaren 24ra arte Lleidako La Panadera Arte Zentroan egonen da. Altsasuko artistak bi ideia uztartu ditu erakusketaren izenburuan: Nazio Batuen Erakundeko ingelesezko siglak (UN) eta Universal zinema estudioak.Bideoa, eskultura, marrazkia eta instalazioa lotzen ditu erakusketak. Haien bidez, Txuspo Poyok askatasunaren, gardentasunaren politikoaren eta parte-hartze demokratikoaren mitoak aztertzen ditu zinemaren, artearen eta arkitektura modernoaren zeharkako aipamenak eginez. UN(inverse) egungo sistema politikoaren jatorriari eta honek sortu dituen irudikapen moduei buruzko gogoeta da. U.N.(inverse) erakusketa Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Museoaren laguntzarekin ekoitzi zen eta bertan mustu zen 2010eko maiatzean. New York inspirazio iturriErakusketako pieza nagusiak ematen dio izena erakusketari, UN(inverse) 3D animazio filmak. NBEren Manhattango eraikina da animazioaren ardatza. Poyoren iritziz Le Corbusier eta Wallace K. Harrisonen eraikina batasun utopiko baten ikurra da. Altsasuko artistak arkitekturaren, zinemako fikzioaren eta ideal politikoen arteko nahaste bat sortu du. Ez da kasualitatea Txuspo Poyo New Yorkeko eraikinetik abiatzea. AEBetako hiriak leku berezia du Altsasuko artistaren ibilbide artistikoan. Altsasuarrak Arte Ederretako ikasketak egin zituen Bilbon eta, Nafarroako Gobernuaren bekari esker, Toronton (Kanada) jarraitu zuen. Kanadako artista batzuekin batera New Yorkeko talde erakusketa batean parte hartu zuen eta orduan jabetu zen "hiri interesgarriena" zela. Hiriaren bi berezitasun nabarmentzen ditu, arkitektura eta kultura artekotasuna: "arkitekturari esker, ihespuntu asko ditu eta, AEBetako beste hirietan ez bezala, batetik bestera oinez joan daiteke. Kultura artekotasunak dibertsitatearekiko interesa sortzen du. Energiaz eta sinergiaz betetako hiria da, etengabe birsortzen dena" dio.