Nobio bat nire amarentzat kalean

Guaixe 2011ko apirilaren 7a

Orain arte poeta abizena eman diogu Castillo Suarez altsasuarrari. Azken aldian, ordea, bestelako bidea hartu du: haurrendako istorioak sortzen hasi da. Joan zen urtean publikatu zuen haurrendako lehen liburua, Ebelina Mandarina (Elkar, 2010). Asteazkenean, haurrendako bigarren liburua aurkeztu zuen Donostian, Nobio bat nire amarentzat. Elkar argitaletxearen Kuku bildumako 43. liburua da. Amesteko aukeraCastillo Suarezek poesian egin zituen lehen urratsak, baina azken urtean, haurrendako literaturan murgildu da. "Zerikusia du bizi izan dudanarekin" azaldu zuen Beleixe irratian (FM 107.3). "Poesia idaztean zuretik ari zara. Haur literaturak, berriz, amets egiteko, pertsonaiak sortzeko eta beste mundu bat irudikatzeko aukera ematen dizu. Alde horretatik atseginagoa da" azaldu zuen. Dirudienez gustua hartu dio bide horri. Maiatzean haurrendako hirugarren liburua mustuko du bere jaioterrian, Altsasun. Musurik nahi? izenburua du eta aurki izanen dugu haren berri.BiografiaCastillo Suarez (Altsasu, 1976) euskal filologian lizentziatua da. Ogibidez euskara teknikaria da eta hainbat komunikabidetako kolaboratzailea da. Zenbait poema-sorta saritu eta argitaratu dizkiote: Iruñeko Udalak Amodio galduak (1999) eta Bitaminak (2000) eta Arabako Foru Aldundiak Iragarki merkeak (2000) eta Madarikazioa (2003). Bere poema-liburuen artean daude: Mugarri estaliak (2000), Spam poemak (2004), Bala hutsak (2006) eta Souvenir (2008, VI. Joseba Jaka literatur bekari esker burutua). 2010ean argitaratu zen haurrendako lehen liburua: Ebelina Mandarina (Elkar, 2010). Hari esker, XXVIII. Lizardi Saria irabazi zuen.Nobio bat nire amarentzatEgilea: Castillo SuarezMarrazkigilea: Iñaki G. HolgadoAdina: 8 urtetik gorakoentzatGaia: Jagoba botika baten gainean bizi da, amarekin, botikaria baitu ama. Baina, amak arazo bat du, Jagobaren iritzian: ez dauka nobiorik. Hortaz, amarentzako nobio bila hasiko da han-hemen, hainbat aukera neurtuz: bere lagun Edortaren aita? Igerilekuko soroslea? Botiken garraiolaria? Azkenean iragarki bat ipiniko du Internet-en, eta hortik aurrera etorriko dira ustekabekoak.